Txani Rodriguezek idatzitako izen bereko eleberriaren gainean David Perez Sañudo arabarrak sorturiko egokitzapena datorren azaroaren 15ean estreinatuko da Euskal Herriko zinema-areto nagusietan. Hori baino lehen, 72. Donostia Zinemaldiaren New Directors sailean lehiatuko da.
Ane (2020) opera primarekin, besteak beste, Donostia Zinemaldian Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak eta hiru Goya estatuatxo lortu ostean, David Perez Sañudok Marina Pares izan du oraingoan ere bidelagun. Elkarrekin egokitu dute Txani Rodriguezek idatzitako Los últimos románticos eleberria, Azken erromantikoak izenpean.
Paper fabrika batean lan egiten duen Irune da 2021eko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen nobelaren protagonista, gizarteak galdu dituen balioei eusten dien emakumea. Hain zuzen ere, Zinemarako ondutako egokitzapenaz aritu ziren Rodriguez eta Perez Sañudo hizketan iragan urrian, ZINEBI jaialdiaren 65. edizioaren jardueren baitako ‘Euskal zinema eta literatura’ topaketan, eta eskuartean zuten proiektuari buruzko zenbait xehetasun aurreratu zituzten.
Bada, Miren Gaztañagak haragituko du bularrean koskor bat detektatzen diotenean bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik izango ez duen emakume protagonista, baina aktore ezezagunek interpretatuko dituzte (euskaldunek eta andaluziarrek) filmeko pertsonaia gehienak. Adiskidetasun eta maitasun istorioa izango da, gizakiari eta besteekin duen harremanari buruz hausnartzera gonbidatuko gaituena. Gizarte eta lan eraldaketa, iraganeko denboren nostalgia edo guraso eta seme-alaben arteko harremanak ere jorratuko ditu filmak.
Irusoin eta La claqueta ekoiztetxeen proiektua da euskaraz errodatutako Azken erromantikoak, 2 milioi euro inguruko aurrekontua duena, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europa Creativa Mediaren partaidetza dauka. Gainera, EiTB eta Canal Sur komunikazio-taldeen zein HBO Max laguntza du. A Contracorriente Films banatzaileak zabalduko du filma Euskal Herrian.
Hain zuzen ere, datorren azaroaren 15ean helduko da filma zinema-aretoetara. Hori baino lehen, ordea, beste hitzordu berezi bat izango du lan-taldeak: Ane (2020) filmarekin erdietsitako arrakastaren ostean, David Perez Sañudo zinemagile bilbotarra Zinemaldira itzuliko da, oraingoan ere, New Directors sailean parte hartzera.
Hartara, filma, Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai izango da. 50.000 euroko saria da honakoa, zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean partekatzeko. Era berean, Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagaia ere izango da Sañudo.