Joaquin Mazon zinema zuzendaria El Casoplón bere lan berria grabatzen ari da egunotan Bilbon zein Madrilen. Filmak EITBren parte-hartzea du.

Juan Morenok, Koldo Zuazuak eta Guillermo Semperek -Kowalski Films eta Feelgood Media- ekoitzia, El casoplón “erritmo ikaragarriko” komedia familiarra da, “gai helduak” jorratzen dituena: helburu sozialak, ekonomikoki gora egiteko nahia, eta haurrei transmititu beharreko balioak, besteak beste.  Film freskoa, ametsez, asmoez eta famila arrunt batean topa ditzakegun rol desberdinen inguruan hitz egiten duena.

Toñi, Carlos eta hiru seme-alabak beren bizitzako udarik txarrena pasatzen ari dira; oporrik gabe, 50 metro koadroko etxebizitza batean itxita, gurasoak lanaldi osoan lanean… eta, azkenik, aire girotua hondatu zaie bero-bolada betean. Muturreko egoera horren aurrean, Toñik eta haurrek Carlos konbentzitzen dute lorezain gisa zaintzen duen etxebizitzan sartu eta bi astez “okupatzeko”. Hala, udako sargoritik ihes egiteko saiakera den hori oporraldi ahaztezin batean bilakatuko da.

Pablo Chiapella eta Raquel Guerrero izango dira filmeko protagonistak, eta horiekin batera, Nerea Pascual, Noah Casas, Alvaro Lafuente eta Iñaki Miramon aktoreek zein Edurne abeslariak osatuko dute talde-artistikoa. Halaber, filmak Euskal Telebistaren parte-hartzea izango du.

Buena Vista International enpresaren eskutik estreinatuko da 2025ean. Nazioarteko salmentei dagokienean, Film Factory enpresak banatuko du.