Datorren abuztuaren 27an, ohi bezala, asteartez, zabalduko ditu Kresala Zineklubak ikasturte berriko ateak. Lehen hilabetea izango denaren egitaraua argitu dute jada, eta baita sarreren salmenta abiatu ere.
Udako oporraldian atseden hartuko zutela dutela iragarri zuten Donostiako zinema-talde aitzindariko kideek. Bada, merezitako deskantsua hartuta, martxan dira jada ikasturte berrirako prestakuntza lanekin. Ohi bezala, asteartez egingo dituzte hitzorduak, 19:30etik aurrera, Trueba zinema-aretoan.
Abuztuaren 27an egingo dute iragarri dituzten lehen lau emanaldi artean lehena. Jason Yu korearraren Sleep (2023) izango da ikusgai, drama eta beldurra nahasten dituen opera prima. Haurdun dagoen emakume bat bere senarraren lo-ohiturekin kezkatzen hasiko da; izan ere, noizbehinkako arazoa den hori areagotzen joango da, kontrolik gabeko portaera beldurgarri bilakatu arte.
Aldiz, Memories of murder (Bong Joon-ho, 2003) filmak zabalduko du iraileko eskaintza, hilaren 3an. 1986ko Hego Korean girotua, bortxaz beteriko hilketa serie baten arrastoa jarraituko du filmak: Neska gazte bat bortizki bortxatu eta erail dute. Bi hilabete geroago, bortxaketak eta hilketak maizago errepikatzen hasiko dira. Hiltzailea bilatzeko, inbestigazio talde berezi bat eratuko da, udaltzaingoko detektibe baten eta kasuaren parte izatea eskatu duten Seulgo poliziako detektibe baten ardurapean.
Bestalde, irailaren 10an, urteko film xamurrenetariko bat ikusteko aukera izango dute emanaldira bertaratuek: Marija Kavtaradze lituaniarraren Slow (2023). Elenak dantza-eskolak ematen ditu, eta Dovydasek, berriz, zeinu-hizkuntzako interprete gisa lan egiten du. Elkar ezagutzen duen unean, lotura ederra sortuko da bien artean. Harik eta Dovydasek Elenari, sentimendu erromantikoak dituen arren, asexuala dela onartzen dion arte.
Amaitzeko, Un sol radiant (Mónica Cambra, 2024) berezia ikusteko aukera izango da irailaren 17an. Mila, hamaika urteko neska, mundua amaitu aurreko bizitzako azken egunei aurre egin beharrean aurkitzen da bere familiarekin batera. Hamar hilabete lehenago, bizirauteko aukerarik utziko ez zuen meteoro bat hurbildu zen lurrera. Handik aurrera, Verdi familiak, Aliciak (45) -Milaren amak-, Gabrielek (71) -Milaren aitonak- eta Íngridek (16) -Milaren ahizpa zaharrenak-, geratzen zaien denbora ahalik eta lasaien bizitzeko hautua egingo dute.
Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako. Parte hartu honako estekan.