Belodromoak Celeste telesailaren eta Go!azenen hamaikagarren denboraldiko lehen atalaren estreinaldiak hartuko ditu Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan, baita Marco –Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion film luzearen− eta Sail Ofizialaren amaierako filmaren -oraindik iragartzeke- emanaldi bereziak. Sarrerak asteartean, hilaren 20an, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, Zinemaldiaren webgunean.
Jaialdiko aretorik handiena da belodromoa, 3.000 plazatik gora ditu, eta baita pantailarik handiena hartzen duena ere. Bada, eszenatokiaren berezia probesten dute urtero Zinemaldiaren emanaldi jendetsu eta ikusgarrienak egiteko. 72. edizioa izango den honetan, Celeste telesailaren eta Go!azenen hamaikagarren denboraldiko lehen atalaren estreinaldiak hartuko ditu, eta baita Marco –Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion film luzearen− eta Sail Ofizialaren amaierako filma izango denaren emanaldiak ere. Halaber, Kontzertua&Proiekzioa ikuskizunaren eta Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko saioen eszenatokia ere izango da.
Diego San Jose (Irun, 1978) da Celeste telesailaren sortzailea. Sei ataleko lana da, Elena Trapek (Bartzelona, 1976) zuzendu du eta osorik proiektatuko dute belodromoan, irailaren 22an, 18:00etan. Bertan, ogasuneko ikuskatzaile batek (Carmen Machi), erretiratzear dagoela, enkargu bat jasoko du: musika latinoamerikarraren izan batek Ogasunari iruzur egin diola frogatu beharko du.
Bestalde, irailaren 27an (ostirala), 18:30ean, Go!azen telesailaren hamaikagarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da eta, iaz bezala, emanaldiaren aurretik protagonisten zuzeneko emanaldi batez gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Itziar Gomezek (Errenteria, 1964) zuzendu du Basakabi udalekuan kokatutako abentura musikalen kapitulu-sorta berri hau.
Halaber, ohi denez, Zinemaldiaren azken egunean, Belodromoan amaierako galaren zuzeneko emanaldia egingo da. Gala horren aurretik, 18:45ean, Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion filma emango da, Marco, aurretik Veneziako Mostrako Orizzonti sailean programatuko dutena. Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, 1977) zuzendutako film berriak Eduard Fernández du protagonista eta Enric Marcoren benetako istorioa kontatzen du: bere biografia faltsutu eta Flossenbürgeko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zelako plantak egin zituen gizonarena.
Marcoren eta galaren emanaldiaren ondoren, Belodromoak Sail Ofizialaren amaierako filma –oraindik iragartzeke dagoena– proiektatuko du ere.
Kontzertua & Proiekzioa eta Ikastetxeak Belodromoan
Aipatutako emanaldiez gain, Belodromoak Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua&Proiekzioa ere hartuko du, irailaren 21ean, 18:00etan. Ikuskizunak soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta horiek inspiratu zituzten film-eszenen muntaketa batuko ditu, sarrera doakoa izango da, baina dagokion gonbidapena jaso beharko da: irailaren 14tik 20ra Donostia Zinemaldiak Kursaal eraikinean eskuragarri izango duen informazio-gunean, Donostia Turismo bulegoan (Boulevard) edo Belodromoan bertan, kontzertuaren egun berean.
Azkenik, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko agertokia ere izango da, 6-11 urteko milaka umeri zinema eta zientzia lotzen dituen pelikula baten emanaldia ikusteko aukera ematen diena. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera antolatutako saio horien medioz, zientziaren irudi positiboa helarazi nahi zaie lurraldeko ikasleei, baita hiriak ikerketa zientifikoarekin lotura sendoa duela erakutsi ere.
Sarreren salmenta
Sarrerak asteartean, hilaren 20an, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, Zinemaldiaren webgunean. Zinemaldiaren amaierako ekitaldiko sarrerek 15 euroko prezioa izango dute, eta, gainerakoek 8,75 eurokoa.