Argentinako herrian egiten ari diren Euskal Zine Zikloaren abaroan egingo dute saioa, 20:30ean hasita. Sarrera doan da.

posadas zine zikloa

Euskal Jatorri Euskal Etxeak 20.000 erle espezie film saritua pantailaratuko du Posadas (Argentina) herrian gauzatuko duten Euskal Zine Zikloan. Asteazkenean, abuztuak 21, Liburutegi Herrikoian (Cordoba kalea, 2069) egingo dute saioa, martxan duten Euskal Zine Zikloaren baitan.

Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako lan honek hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz: Coco da filmeko protagonista, 8 urte dituen haur transa, amarekin eta neba-arrebekin amaren jaioterrira uda pasatzera joango dena. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta, eta bere aurreko lanetan bezala, ia erabat emakumez osatutako lan-taldea du filmak.

KRITIKA | 20.000 ESPECIES DE ABEJAS: Norbere identitatearen hariak ehuntzen

2023ak emandako euskal filmarik arrakastatsuena da Esti Urresola laudioarrak zuzendutakoa. Hiru Goya sari eskuratu zituen joan den otsailaren 10ean Valladoliden egindako Espainiako Zinema Akademiaren galan, eta aurretik ere zinemaldietan aitortzak pilatua da.

EITBren parte hartzea duen filmak, halaber, Malagako Zinema jaialdiko Urrezko Biznaga lortu zuen 2023an, eta Patricia López Arnaiz protagonistak Emakumezko aktore onenaren saria. Ezin ahaztu, halaber, Berlinalen gainditutako langa, Sail Ofizialean lehiatu  eta, bi sari jasotzeaz gain, Sofía Otero protagonista gazteak Zilarrezko Hartza lortu baitzuen.