2024ko edizioan aukeratuak izango diren 10 proiektu finalistek Teresa Bellón eta Diego Fandos gidoilarien laguntza eta aholkuak jasoko dituzte.

ALma sindikatua.jpg

Nafarroako leku turistikoetan kokatutako fikziozko 10 film labur ekoizten laguntzea, erkidegoan turismoa sustatzeko. Horixe izan zuen sortze-helburua Nafarroa Zinemaren Lurraldea lehiaketak, eta horretan dirau oraindik. Erriberri, Viana, Iruñea, Tafalla, Olazti, Mendaboa, Ribaforada, Arguedas, Urdazubi eta Allo herrietan garatuko dituzte finalistek beren proiektuak, eta denek ere, ALMA gidoilarien sindikatuko profesionalen aholkularitza teknikoa jasoko dute.

Seigarren urtez, Nafarroa Zinemaren Lurraldea egitasmoak eta ALMAk akordioa berritu dute, hala, bertako kideek gidoiak banan banan aztertuko dituzte, autoreekin batera, eta behin finduta dutenean ekingo diete errodajeei, udazkenean.

Sindikatuaren baitako bi profesionalak Teresa Bellón eta Diego Fandos izango dira. Bellónek telebistan eta zineman egin du lan, batez ere komediak idazten. Bestetik, gidoilari izateaz gain, Prague Film School-en irakaslea da 2008az geroztik. Publizitatean egin du lan, film laburrak, luzeak eta dokumentalak idazteaz gain.

12. edizioko egitaraua

Programak bi fase izango ditu. Aurrenekoan, sortzaileek irailaren 4ra arte izango dute gidoi proposamenak bidaltzeko aukera. Behin proiektuak onartuta, aukeratuek bi hilabete luze izango dituzte sorkuntza lanak errodatu eta aurkezteko, azaroaren 20ra arte, hain zuzen. Horiek jendaurrean pantailaratuko dituzte azaroaren 25etik abenduaren 1era bitartean, parte hartu duten udalerrietako zinema aretoetan. Antolakuntzaren xedea grabaketarako erraztasun guztiak eskaintzea da, eta beharrezkoa balitz lau lagunentzako egonaldia ordaintzeko prest dira.

 Gainera, bigarren fasean, bost sari banatuko dituzte: 2.500 euroko lehen saria, 1.000 euroko bigarren saria, argazki onenaren 500 euroko saria, ikusleen 500 euroko saria, eta epaimahaiaren 500 euroko sari berezia. Gainera, interpretazio onena sarituko duten 250 euroko laguntza banatuko dute.

Irabazleak datorren abenduan, Ribaforadan egingo den sari-banaketa ekitaldian, iragarriko dituzte.