Veneziako Mostran parte hartu ostean, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako lana 72. Donostia Zinemaldian erakutsiko dute. Ez da Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko lehian izango.

Perlak saila-72ssiff-zinea

Cristobal Balentziaga jostun getariarrari buruzko telesaila zuzendu ostean, Moriarti ekoiztetxeko Jon Garañok eta Aitor Arregik Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia ekarriko dute gugana. 81. Veneziako Mostrako Orizzonti sailean lehiatuko da Marco, eta segidan izango da ikusgai Donostian.

Perlak sailean erakutsiko dute moriartitarren lan berriena, hain zuzen ere, atalari amaiera emango dio. Baina ez da Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko lehian izango, Donostia Zinemaldiak aurtengo irekierarako aukeratu duen Emilia Pérez (Jacques Audiard), edota Maria Callas: Letters and Memories (Tom Volf eta Yannis Dimilotsas) zein The Wild Robot (Chris Sanders) animaziozkoa bezala, All We Imagine as Light (Oayal Kapadia) -Epaimahaiaren Sari Nagusia-.

Cannesko Zinema Jaialdian arrakastatsu izan diren obrek osatuko dute gehienbat 2024ko Perlak saila. Hala nola, lehiaketan izango dira, besteak beste, Andrea Arnolden Bird, Sean Bakerren Anora -Urrezko Palmaren irabazlea-, Francis Ford Coppolaren Megalopolis proiektu epikoa, Emmanuel Courcolen En fanfare, Coralie Fargeaten The Substance -gidoi onenaren saria-, The Seed of the Sacred Fig (Mohammad Rasoulf) -Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI Saria-, Oh Canada (Paul Schrader), Parthenope (Paolo Sorrentino).

Bestetik, Adam Elliot zuzendari australiarrak, animaziozko zineman espezializatutakoaik, Annecyko zinema-jaialdian film luze onenaren Cristal saria beretzea ahalbidetu zion filma erakutsiko du: Memoir of a Snail. Aldiz, Veneziako Mostratik ekarriko dute Walter Salles brasildarraren Ainda Estou Aqui / I’m Still Here lana; eta Berlinaletik, Hong Sangsoo hegokorearraren Yeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs, Zilarrezko Hartza Publikoaren Sari Nagusia irabazi zuena.

Ikus-entzuleek boza emango dute emanaldi bakoitzaren ostean, eta boto gehien dituen filmak Donostia Hiria Publikoaren Saria lortuko du (50.000 euro). Ohi bezala, Europako film onena ere erabakiko da, 20.000 euro opari dituena.