Abuztuaren 21ean Auritzberri-Espinalen, eta abuztuaren 23an Lergan egongo dira ikusgai herriotako biztanleekin batera ondutako ez-fikziozko lan kolektiboak.
Hiruki Filmak ekoiztetxearen ekimenez martxan jarritako Zinema Auzolanean proiektuaren baitan, Lerga eta Auritzberri-Espinaleko biztanleekin ondutako ez-fikziozko filmak aurkeztuko dituzte herriotan, datorren astean. Ekimena “La Caixa” Fundazioaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren Innova Programaren laguntzari esker gauzatu ahal izan dute.
Esperientzia honen helburua “sormena eta erabakiak hartzea sustatzea” dela azpimarratu dute arduradunek. Bada, “ikusle izatetik egile izatera igarotzen diren pertsonei” hurbildu nahi izan diete zinema. Hala, Nafarroako landa-eremuan kreatibitatea, parte-hartze kolektiboa, autoerrepresentazioa eta ondare immateriala txertatzeko asmoz jardun dute.
Hirukiko zinemagileek film-esperientzia kolektiboa proposatu zieten biztanleei, haien herriaren erretratua egitera gonbidatuz. Ione Atenea eta Marina Lameiro Lergako proiektuko sormen prozesuan aritu dira fase ezberdinetan; Garazi Erburuk Auritzberri-Espinalen egin bezala. Azaldu dutenez, “autore moduan esku hartu gabe, film bakoitza egiteko erraztaile gisa jardun dute, modu honetan biztanleak benetako egileak izan daitezen”.
Gidoiak batzar parte-hartzaileen bidez landu dituzte. Herritarrek eurek erabaki dute zer den filmaren parte, nola nahi duten beren herria erretratatzea eta nola nahi duten beren burua ordezkatzea.
Prozesuaren emaitza dira 20-30 minutuko iraupena duten ez-fikziozko bi film. Horiek ikusgai izango dira, batetik, abuztuaren 21ean, Auritzberri-Espinalen; bestetik, abuztuaren 23an, Lergan.