72. edizioaren abaroan, zinemagile espainiarraren ibilbide luzeari aitortza egingo diote. Irailaren 26an jasoko du Donostia Saria, eta ostean, La habitación de al lado / The Room Next Door pantailaratuko dute.

Pedro Almodovar-Donostia saria-zinea

Bina Oscar eta Golden Globe sari, Europako Zinema Akademiaren zazpi, bost Bafta, lau César, bost Goya eta bi David di Donatello. Espainiako Arte Ederretako Merituaren Domina eta Arteen Asturiasko Printze Saria, Ohorezko Legioaren Zaldun Ordena Nazionala (Frantzia) etab. Non ez dute Pedro Almodovar aitortu. 70 sari baino gehiago eta 200 izendapenetik gora jaso ditu urte hauetan guztietan. Bada, etxeko apalategia txiki geldituko zaio zinemagile espainiarrari, aurten ere, taula gainera igo beharko baita, Donostia Saria jasotzera.

Zinemaldiak 72. edizioko bigarren ohorezko omendua argitu du gaur, eta nabarmendu dutenez, bere lan berrienean protagonista den Tilda Swinton aktoreak emango dio golardoa bertatik bertara, irailaren 26an egingo duten ekitaldi berezian. Ostean pantailaratuko dute Veneziako Mostran lehiatzetik etorriko den La habitación de al lado / The Room Next Door, zuzendariaren ingelesezko lehen filma luzea.

“Zinemaren munduari egindako ekarpen bikaina” aintzatetsi nahi dio Donostia Zinemaldiak Almodovarri, bere ibilbide luzea goraipatuz. Emakumezko pertsonaiak izan dira gehienbat bere pelikuletan protagonista, eta LGTBIQ+ kolektibora, erlijiora, sexura, adikzioetara, oroimen historikora eta beste hainbat gaitara hurbilketa ausartak egin ditu, konpromisozkoak.

Hiriarekin lotura estua

1980an izan zen aurrenekoz Almodovar Zinemaldian, orduko Errealizadore Berriak sailean Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón opera primarekin lehiatzen. Bi urte geroago egin zuen Sail Ofizialera salto, bertan estreinatu baitzuen Laberinto de pasiones (1982). Ordutik, hainbatetan erakutsi dituzte espainiarraren lanak Donostian bateko zein besteko sailetan, eta 2006an, zehazki, Fipresci Sari Nagusia irabazi zuen Volver-ek. Bere lan guztiak anaiarekin batera sortutako El Deseo ekoiztetxearekin ekarri ditu.

Filmak aurkezteaz gain, ekitaldi berezietan ere parte hartu du, esaterako, Zinemaldiaren 50. urteurrenean edota Donostia Sarien banaketean.