Klasikoak sailak Jane Campionen The Piano, Tseng Chuang-Hsiangen Sha Fu, Bigas Lunaren Tatuaje, José Antonio Nieves Conderen Surcos eta Niki de Saint Phalleren Un rêve plus long que la nuit programatuko ditu. Montxo Armendárizen Tasio zaharberrituak inauguratuko du saila irailaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian.
Atzerabegirakoez gain, Donostia Zinemaldiak zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen ditu 2018az geroztik. Hala, 72. edizioa izango den honetan, Tasio (Montxo Armendáriz, 1984) filmak inauguratuko du eskaintza, Zinemaldian bertan estreinatu eta 40 urtera. Irailaren 21an helduko da filma Donostiara, Victoria Eugenia Antzokira hain zuzen, zinema klasikoko jaialdi ospetsuenetan hautatua izan ondoren: Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics, Boloniako Cinema Ritrovato eta Lyongo Lumière jaialdia (urrian proiektatuko dute han).
Kataluniako Filmategiarekin lankidetzan, Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho / Tatuaje, the First Adventure of Pepe Carvalho (Bigas Luna, 1978) ere berreskuratuko dute aurten. Zinemagile katalanaren lehen film luzea izan zen hau, Manuel Vázquez Montalbánen izen bereko eleberrian oinarrituta dago (eleberrigileak berak filmaren gidoian parte hartu zuen, Bigas Luna eta Josep Ulloarekin batera). Hain zuzen ere, saila itxiko du filmak.
Horretaz gain, eta Lyongo Institut Lumière erakundearekin lankidetzan, Jane Campion errealizadore zeelandaberritarraren garaiko film ikoniko baten bertsio zaharberritua ere emango dute Zinemaldian: The Piano (1993), 90eko hamarkadan leihatila- eta kritika-inpaktu handia izan zuena. Besteak beste, Cannesko zinema-jaialdiko Urrezko Palma beretu zuen (emakume batek zuzenduriko film baten lehen garaipena izan zen zinemaldi frantsesean) baita hiru Oscar ere (gidoi onenaren sariaz gain, emakumezko aktore onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak Holly Hunterri eta Anna Paquini, hurrenez hurren). Filma Thierry Frémaux-ek –Institut Lumièreko zuzendariak– aurkeztuko du.
Sha Fu / The Woman of Wrath (1984) ere bildu da hautaketan, 80ko hamarkadako zinema taiwandarraren olatu berriaren klasiko bat. Tseng Chuang-Hsiangek zuzendu zuen Li Ang egilearen The Butcher’s Wife eleberriaren egokitzapen hau; Japoniak Taiwan okupatu zueneko garaian girotua eta benetako jazoeretan inspiratua, emakume gazte umezurtz baten egoera salatzen du. Ama suizidatu ondoren, harakin batekin ezkontzera behartuko dute protagonista.
Halaber, zinema espainiarraren beste klasiko da programatuko dute, Videomercuryrekin lankidetzan: Surcos / Furrows (José Antonio Nieves Conde, 1951), “nazioarteko kategoriako lehen film espainiarra”, José María García Escudero historialariaren hitzetan. Gonzalo Torrente Ballesterrek, Nieves Condek berak, Eugenio Montesek eta Natividad Zarok moldatutako bilbea 40ko hamarkadaren amaierako Madrilen girotu zuen zuzendariak. Bertan, landa-eremutik hirira migratu duen familia bat bizitza berri bati ekiten saiatuko da, hobetzeko itxaropenez.
Azkenik, Klasikoak sailak Un rêve plus long que la nuit (1976) aurkeztuko du, Niki de Saint Phalleren bigarren eta azken filma. Filma zuzentzeaz gain, margolari, eskultore eta zinemagile frantziarrak jokatu zuen protagonistaren rola haur-ipuin baten itxura duen filmean. Printzesa batek helduen bizitzarako igarotzea esperimentatuko du, patriarkatuaren eremu minatua zeharkatuz, testuinguru fantasmagoriko eta surrealista batean.