Catherine Ulmer eta Ventura Durall izango dira tutore XX. Lau Haizetara Foroaren aurre prestakuntzaren baitako pitching aurkezpenen trebakuntza-saioetan. 72. Donostia Zinemaldiaren baitan egingo dituzte jarduerak, irailaren 23tik 25era.

Bigarrenez arituko dira biak Donostian, aurtengoan  Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, irailaren 23 eta 24an foroaren aurreko trebakuntza-jarduera gisa egingo diren pitching aurkezpenak prestatzeko tailerren arduradun gisara.

Hala, zuzendari eta ekoizleekin banan-banan eta taldeka aritzeko lana izango dute, intentsitate handiko jardunaldi bi, edozein pitching estrategia prestatu aurretik kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak jorratzeko. Era berean, aurkezpen-lan sakona egingo da, bai storyline eta bai teaser alorretan,  ikuspegia egokiena izan dadin eta ahalik eta erakargarrienak eta gizatiarrenak izan daitezen.

Tutoreek eskainitako gidaritzari esker, hautatutako proiektuen arduradunek tresna egokiak garatuko dituzte beren lanari ahalik eta potentzial handiena ateratzeko, eta Commissioning Editors delakoekin izango dituzten bilera indibidualizatuak ere hobetuko dituzte.

Catherine Ulmer eta Ventura Durall

Biek ala biek lotura estua dute dokumentalaren munduarekin, eta eskarmentu handia nazio-mailan eta nazioartean aitortza eta presentzia duten proiektuen zuzendaritzan eta ekoizpenean.

Gertutik ezagutzen dituzte denboran zehar errealitate politiko, sozial eta kulturalaren inguruan hausnartzeko funtsezkoa den generoaren xehetasun guztiak.

XX. Lau Haizetara Foroa

EPE-IBAIA Ekoizle Elkarteak Donostiako Zinemaldiko Industria Sailaren laguntzarekin antolatzen duen jarduera hau dokumentalerako erreferentziazko hitzordua bilakatu da sektorean, eta ikus-entzunezko garapenaren alde egiten duten hainbat erakunde eta entitateren babesa dauka.

Are, Dokumental baten proiektua lantzen ari diren eta harentzako europar koprodukzioa bilatu nahi duten ekoizle independenteei zuzendutako hitzorduak bi hamarkada beteko ditu aurten. Foroa elkargunea da, proiektuak finantzatzaile izan daitezkeenei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza. Urtero legez, hiru atal nagusi izango ditu: tailerrak, pitching saioak eta banakako bilerak.

Tailerrak prestakuntza-jarduerak dira, eta foroaren aurreko bi egunetan egingo dira (irailaren 23an eta 24an). Ekoizleei aukera eskainiko diete proiektuak aditu profesionalen laguntzarekin garatzeko; proiektu horietatik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko tresna egokiak eskainiko dituzte aditu horiek.

Pitching saioa, aldiz, irailaren 25ean ospatuko da, goizean, Tabakalerako Z aretoan. Bertan produktoreek beren proiektuak azalduko dituzte Commissioning Editors-en panel garrantzitsu baten aurrean. Saio horietan, gaian aditua den moderatzaile bat izango da, eta aldibereko itzulpen-zerbitzua eskainiko da. Proiektuak gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu ahal izango dira, bakoitza 7 minutuan (teaserra barne).

Halaber, egun berean, Comissioning Editors-en eta aurkeztutako proiektuen ordezkarien arteko one-to-one bileren agenda batekin osatuko da programa, betiere sor daitezkeen lankidetza-akordioak zehazteko helburuarekin. Hitzordu hauek ere Tabakalera gauzatuko dira, arratsaldean.