CIMASUB – Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren baitako film laburren aukeraketa bat eskainiko dute gaur herrian. Saioa 22:00etan hasiko da, Bakearen karpan.
Zinema eta ozeanoa maite dutenek aukera paregabea izango dute, gaur, munduko itsasoen edertasuna eta erronkak ezagutzeko, Bakion. 22:00etatik aurrera, Bakearen karpa itsaspeko zinema bilakatuko da. Planetako itsaspeko paisaia harrigarriei leiho bat eskainiko zaie herrian, hala, “gure ozeanoen aberastasuna eta hauskortasuna esploratzeko aukera emango zaie bertaratutakoei”. CIMASUB – Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren baitako film laburren aukeraketa bat eskainiko dute, doan.
“Etorkizun urdina eraikitzen” lelopean, itsas ekosistemak etorkizuneko belaunaldientzat babesteko beharra nabarmentzen du ekimena. Proiekzioetan hainbat gai jorratuko dira, hala nola arrantza-baliabideen gehiegizko ustiapena eta biodibertsitatearen desagerpena, koralezko arrezifeen kontserbazioa eta bertako arrantzaleen eta balea marrazoen arteko harremana. Ekitaldi honek itsaspeko munduaren edertasuna ospatzeaz gain, haren kontserbazioaren garrantzia nabarmentzen du.
Saioan, itsas bidaia bat proposatuko dute ikus-entzunezkoek, Floridako itsas belardietatik Indonesiako ozeanoaren sakoneraraino. Koralezko arrezifeen kontserbazioaren garrantzia, espezie inbaditzaileen mehatxua Mediterraneoan, estresak bizitza modernoan duen eragina eta bertako arrantzaleen eta balea marrazoen arteko harremana aztertuko dira, besteak beste. Ikusleak itsas ekosistemen edertasunaren eta hauskortasunaren lekuko izango dira. Ozeanoan dugun natura-ondarea preziatzearen eta babestearen garrantzia gogoraraziko digute, baita gure ekintzek etorkizuneko belaunaldientzako itsas bizitzaren kontserbazioan nola eragin dezaketen ere.