Prime Video plataformak Roland Emmerich zuzendariaren Those About to Die telesaila estreinatu berri du, I. mendeko Erroman giroturikoa. Patrizioen mundu iluna erretratatzen du, gladiadoreen eta koadrigen gaineko apustu-ingurune batean; proiektuaren protagonisten arean, Anthony Hopkins eta Eneko Sagardoy euskal aktorea ageri dira.
Abuztuaren 9tik dago ikusgai Prime Video streaming plataforman. Gaur egungo edozein hiri izatetik gertu dagoen Erroma zahar batean murgiltzen du ikuslea, ekintzaren zama eta erakargarritasuna Bat Formulako emankizunak diruditen koadriga lasterketetan jarriaz. Horrekin, batera, muntaia-lan ikusgarriak borobiltzen du proiektua.
Bada, koadriga-gidarietako bat larruan ikusi ahal izango dugu Eneko Sagardoy aktore eta zuzendari durangarra. Lehen aldia izan du ingelesez errodaturiko proiektu batean, eta NAIZ hedabideari azaldutakoaren arabera erronka izan da: “Izugarria izan zen. Alde batetik, Hollywoodeko superprodukzio bat Erroman. Horrek suposatzen duen guztiarekin baliabideen aldetik. Jende piloa, animalia piloa, diru piloa… Urteko serierik garestiena da mundu mailan! Sinesgaitza den sentsazioa duzu. (…) Erronka izan da ingelesez hitz egitea –hasieran beldurra neukan, ez da zure hizkuntzan lan egitea, baina balio izan dit segurtasuna lortzeko–, inork ezagutzen ez nuen proiektu batera sartzea… aspaldi ez zitzaidan gertatzen azken hau. Eta beste herrialde batean bizitzea hainbeste hilabetez. Asko ikasi dut, asko disfrutatu”.
Hamar atal dituen telesail honek gladiadoreen borroken eta zaldiek tiratutako gurdien lasterketen alderik latzenean sakontzen du, non entretenimendua, maniobra politikoak, apustuak, dinastia erromatarrak eta jendaila nahasten diren. Hain zuzen ere, prestaketa fisiko eta entsegu ordu mordoa izan dira ere erronka handi horren beste ezaugarriak: “Hilabeteak eta hilabeteak eman genituen azentua lantzen, borrokak prestatzen, zaldiekin entrenatzen… Eta berretsi dut ere horretan gehiago disfrutatzen dudala errodajean baino”, azaldu du.