Urriaren 25etik azaroaren 1era arte ospatuko da 2024ko edizioa. Abuztuaren 19ra  bitartean aurkez daitezke proiektuak.

35 urte beteko ditu aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, eta ohi bezala, egitarauaren baitan generoko film onenak erakutsiko dituzte. Bada, ekainaz geroztik dago aurtengo ediziora lanak aurkezteko epea zabalik, eta dagoeneko deialdia ixteko azken egunak besterik ez dira falta.

Datorren abuztuaren 19ra bitartean bidali ahalko dira lanak, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen dituzten:  2022ko urtarrilaren 1aren ondoren egindakoak izatea, eta fantasia edo beldurra izatea gai nagusitzat. Gainerakoan, lanaren iraupenak zehaztuko du inskribatzaileek  jarraitu beharreko deialdia.

Film luzeak Ikusleen Saria eskuratzeko lehiatuko dira, eta aukeraketa horretan parte hartzeko 30 minututik gorako iraupena izan behar dute. Aldiz, 20 minutuko gehieneko iraupena izan dezakete film laburrek.

Ikus-entzule leialen bilgune

Generoko film onenak, erakusketak, solasaldiak zein mota guztietako jarduerak eta, noski, publikorik fidelenak egiten dute bat urtero zinemazale donostiarren hitzordu kuttunetarikoa den . Hala iritsi dira, hain zuzen, hogeita hamabosgarren ediziora.

“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ez da soilik filmen proiekzio ekitaldi hutsa, hiriko txoko ugari blaitu eta kutsatzen dituen ekimen kontsolidatua baizik”, jaialdiak 30 urte bete zituen hartan Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak egindako adierazpenak dituzue honakoak. Bada, Insaustik argi utzi zuen finkatze horren erantzule zirela hein handi batean urtetik urtera jaialdira leial bertaratzen diren “benetako protagonistak”, bere publikoa, alegia. Haiei eskainitakoa izan zen edizio berezi hura.

Bada, efemeride borobila ospatuko dute aurtengoan eta, prestaketa lanak abiatu besterik ez badituzte ere, zabaldu dituzte lehen zertzeladak: Urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean ospatuko dute 35. edizioa izango dena.

Kategoria bata zein bestearen oinarriak kontsulta ditzakezue HEMEN.