Philippe Oyhamburu koreografo eta idazleari buruz Lucia Barahonak zuzendu duen ikus-entzunezkoa eskainiko dute Dokumental Gaua hitzorduan, gaur. Ohiko kanaletan zein kanaldude.eus atariko zuzeneko atalean egongo da ikusgai, 20:00etan hasita.

bizi naizeno-kartela-zinea

Crossroads Productions eta Kanaldudek aurkeztutako proiektua da Bizi naizeno, je danserai la viePhilippe Oyhambururen biloba den Lucia Barahonak zuzendu duena; hamar urtez aritu da irudiak hartzen. Dokumentala euskaraz eta frantsesez errodatuta dago, eta Olaeta zein Etorki dantza-taldeen zuzendaria izandakoaren ibilbidea errepasatuko du, musika bidelagun. Oyhambururen grabazioekin batera, Institut national de l’audiovisuel (INA) institututik hartutako irudi eta artxiboek osatu dute ikus-entzunezkoa.

2023ko ekainaren 25ean Miarritzeko Le Royal zinegelan egin zuten dokumentalaren aurrestreinaldia, Oyhamburuk 102 urte bete bezperan, eta ordutik, “euskal kulturaren enbaxadoreari” buruzko sorkuntza-lana hainbat tokitan egin dituzte emanaldiak.  Gaur, Kanaldude Telebistak igorriko du, 20:00etan hasita, eta Orange 358, Bouygues 339, Free 948 eta SFR 496 kanaletan zein kanaldude.eus atariko zuzeneko atalean egongo da ikusgai.

Euskal kulturaren enbaxadorea

Hiru urte besterik ez zituela Montevideora (Uruguai) joan zen bizitzera Oyhamburu, eta zortzi urte eman zituen bertan. Paris eta Miarritze izan zituen Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik bizitoki, eta garai hartan, euskara ikasten hastearekin batera Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalean sartu zen.

Parisen dantza eta musika ikasketak ondu zituen, eta Miarritzen Olaeta ballet taldearen gidaritza hartu zuen 1944an. Eusko Ikaskuntzako idazkari izan zen 1948-1951 urteetan, eta 1953an Etorki kantu- eta dantza-talde profesionala sortu zuen. Frantziako eta Ipar Euskal Herriko irratietan ere lan egin du, frantsesez eta euskaraz. Euskal musika, dantza eta kultura sustatzen jarraitzeaz gain, 2001. urtean Diálogo con mi diario – Un joven independentista vasco en el París de la ocupación liburua argitaratu zuen.

100 urte bete zituenean, 2021ean, urrezko domina eta omenaldi ofiziala jaso zuen Miarritzen. 2023ko abenduaren 19an hil zen.