Bilboko Film Sozialak – Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiko antolatzaileek 2024ko aukeraketa ofiziala argitu dute. Egitasmoa urriaren 10etik 17ra bitartean ospatuko da.
KCD – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimena da Bilboko Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Komunikazioa eta Kulturaren bitartez, gizartearen garapena, kulturartekoa eta, oro har, iraunkorra sustatzea du helburu eragileak, eta zinema jaialdia da horretarako darabilen tresna. Aniztasuna zein giza erantzukizuna berezko dituzten filmak biltzen dituzte urtero, zirkuitu komertzialetan nekez ikus daitezkeen izenburuak, alegia, eta lau ardatz tematikoren gainean eraiki dute hitzordua: jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kultur artekotasuna eta giza eskubideak.
Hamaseigarrena izango den edizioa urriaren 10etik 17ra bitartean ospatuko dute, eta jaialdiko arduradunek ikusgai izango diren filmen zerrenda argitu dute. Guztira, 43 herrialdetako 80 lanek osatuko dute aukeraketa ofiziala, eta tartean badira ekoizpen euskal herritarrak.
Filmak bost ataletan banatuko dituzte: Giza eskubideak –Dena asmatuta dago (Jone Arriola Lobete), Indarkeriaren Oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte)-, Iraunkortasuna –El vuelo de las libélulas (Iñaki Alforja), Konfiantza itsua (Ana Zamorano), Zaintzen duten emakume baserritarrak (Itxaso Díaz eta EHNE Bizkaia)-, Genero ekitatea –Arnasa betean (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía), Gorriaz, Las que sobrevivimos (Itxaso Díaz), Puzzleak (Bortxaketaren Jauregia) (Kote Camacho)-, Kulturartekotasuna –Europa (Ekain Irigoien), Lehen saiakera (Marina Perosanz, Yurena Carrero eta Natalia Berridi)- eta Gazteen klaketa. Azken honek, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoiztutako filmak hartuko ditu: Bakarrik, Betirako dira?, Cautivos de la comodidad, Erratuta nengoen, Hau ez da maitasuna.
Bilboko 30 txoko baino gehiagotan izango dira filmak ikusgai; horietatik 16 Euskadiko hezkuntza formaleko institutuak dira, Batxilergokoak eta Lankide Heziketakoak. Aurten, 13 sari banatuko dituzte, guztira 22.250 euro. Besteak beste, Euskaraz egindako Gizarte Ekintza Onenaren Saria emango dute.