Zinema arloari dagokionez, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak 35. urteurrena ospatuko du, urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean.
Abuztua bete-betean bagaude ere, Donostia Kulturak udazkeneko programazioaren aurrerapena argitu du. 24 musika kontzertu, 20 antzezlan, 7 dantza emanaldi, bertso saio bat eta 15 haur ikuskizunekin batera, hainbat jaialdi hartuko ditu hiriak, tartean zinemari eskainitako bat.
Urriaren 25etik eta azaroaren 1era bitartean ospatuko da aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta ohi bezala, Antzoki Zaharra zein Victoria Eugenia Antzokia izango ditu egoitza. Bertan lehiatuko diren lanak aurkezteko epea zabalik da -abuztuaren 19ra arte bidal daitezke fantasia edo beldurra gai dituzten proiektuak-, baina dagoeneko ezagun da zein izango den 35. edizioko irudi nagusia.
Zinemaldiaren aspaldiko lagun bat izango du kartel ofizialak protagonista: Alex de la Iglesia. Zuzendari bilbotarra gela ilun baten barruan eserita ageri da, gorantz begira eta eskua buruan duela; atzean, kakalardo erraldoi bat. Franz Kafkaren heriotzaren mendeurrena aitzakia hartuta, idazle txekiarrari -eta batez ere, haren lanik ezagunenari, Metaformosia– gorazarre egin nahi izan dio Santipérez (Santiago Pérez Domínguez) ilustratzaile madrildarrak sorkuntzan; Ytantos estudioak diseinatu du kartela.
Hain zuzen ere, 100 urte bete dira aurten Franz Kafka hil zela, eta haren omenez, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak liburu berezi bat argitaratuko du: Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico. Isla Calavera – Festival de Cine Fantástico de Canarias Ciudad de La Laguna zinemaldiarekin elkarlanean ondu dute, eta bertan, fantasiazko zineman idazle txekiarrak izan duen eragina aztertuko dute.
Informazio osagarria, hemen.