Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko eta euskaldun eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzeko asmoa duen elkarteak herrian jaiotako zinemagilea omendu du. Josune Velez de Mendizabalek, Beñat Goitia Benizzek eta Karmele Jaiok ere jaso dute aintzatespena.
Andre Maria Zuriaren jaien bezperan, abuztuaren 2an, GEU Gasteiz Euskalduna irabazi asmorik gabeko elkarteak euskal kulturgileei eskainitako 2024ko sariak banatu ditu. Azken urteotan bezala, Aihoz plazan kokatutako txosnaren inaugurazio-ekitaldia aprobetxatu dute omenaldiak egiteko, eta aitortuen artean Paul Urkijo (1984) zinemagilea egon da. Josune Velez de Mendizabal, Beñat Goitia Benizze eta Karmele Jaiorekin batera, txalo zaparrada artean jaso du aintzatespena.
Zinemagile gasteiztarra oso gaztetan hasi zen lehen film laburrak errodatzen. Bilbon Arte Ederretako ikasketak burutu zituen, eta segidan zuzendu zuen Jugando con la muerte (2010) aurreneko lana. Ostean etorri ziren Monsters Do Not Exist (2012), El Pez Plomo (2013), Bajo la cama (2014), El Bosque Negro (2015), Naara (2016) eta Dar-Dar (2020).
Tartean Errementari lehen film luzea ondu zuen, txikitatik mantendu duen obsesio partikular batean sakontzeko nahiak eramanda. Jose Miguel Barandiaren idazlearen ‘Patxi Errementaria’ ipuinaren moldaketa da, eta Sitges Film Festival jaialdian estreinatu zuten 2017ko urrian, eta bi aste geroago Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea zabaldu zuen, baita ikusleen saria eskuratu ere.
Bada, hain zuzen ere, Beldurrezko Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Urkijo 2022an. Euskal mitologia ardatz duen Irati arrakastatsu izan zen bertan, Sitgesko zinemaldiko sail ofizialean (berriz ere) lehiatu eta bi sari irabaztetik etorri ostean. 30 kopia izan zituen filmak zinema aretoetara iritsi zenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta asteburuko film ikusiena bilakatu zen. Ez hori bakarrik, euskarazko film batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan zen, eta espainiar lurraldean ere lehen hamar film ikusienen artean sartzea lortu zuen.
KRONIKA | IRATI: Lehen euskal “blockbusterra”?
Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate jarri ditu Urkijok bikote protagonistaren azaletan: VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Bizitza ematea suposatuko dion odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzea lortuko, baina lehenago, Eneko semeari hitz emanarizko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.
Urte batzuk beranduago, helburu zehatz batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, Karlomagnoren altxorrarekin batera modu paganoan lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.