Idazle txekiarraren heriotzaren mendeurrena aprobetxatuz, jaialdi donostiarrak argitalpen berezi bat aterako du urriaren 25etik eta azaroaren 1era bitartean ospatuko den zinemaldiaren baitan.
100 urte bete dira aurten Franz Kafka hil zela, eta haren omenez, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak liburu berezi bat argitaratuko du: Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico. Isla Calavera – Festival de Cine Fantástico de Canarias Ciudad de La Laguna zinemaldiarekin elkarlanean ondu dute, eta bertan, fantasiazko zineman idazle txekiarrak izan duen eragina aztertuko dute.
Jonathan Allenek eta Jesús Palaciosek idatzi eta Hermenaute argitaletxeak editatuko du liburua. Autoreek azaldu dutenez, “bere obrari buruzko azterlanen corpus zabalari egindako ekarpen txiki honetan azpimarratu nahi dugu obra horrek zinemagintzan, fantasiazko generoan duen garrantzi berezia, funtsezkoa eta fundazionala…”. Zera gaineratu dute: “Kafkaren obrak berak, bere izaera sinboliko, alegoriko eta surrealistatik abiatuta, fantastikoaren eredu berezi eta ahalmen handiko bat eraikitzen du, unibertsoaz dugun ikuskera, baita errealarekin, fikzioarekin eta giza izaerarekin dugun harremana ere, moldeatu dituena. Eta eragin ahaltsu hori nabaritu duen generorik bada, bere izaeragatik eta pentsamendu kafkiarrarekin bat datorrelako, horixe fantasiazko generoa da”.
Kartel ofizialean ere keinu
Urriaren 25etik eta azaroaren 1era bitartean ospatuko da aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta oraindik hilabete dezente falta badira ere, 35. edizioa izango denaren lehen xehetasunak argitu zituen Josemi Beltrán Donostia Kulturako zinema programazioko arduradunak, astelehenean, Victoria Eugenia Club aretoan.
Zinemaldiaren aspaldiko lagun bat izango du kartel ofizialak protagonista: Alex de la Iglesia. Zuzendari bilbotarra gela ilun baten barruan eserita ageri da, gorantz begira eta eskua buruan duela; atzean, kakalardo erraldoi bat. Franz Kafkaren heriotzaren mendeurrena aitzakia hartuta, idazle txekiarrari -eta batez ere, haren lanik ezagunenari, Metaformosia– gorazarre egin nahi izan dio Santipérez (Santiago Pérez Domínguez) ilustratzaile madrildarrak sorkuntzan; Ytantos estudioak diseinatu du kartela.