Creative Europe Media eta The Film Agency erakundeek antolatutako lehiaketan parte hartu nahi dutenek 10 film europar ikusi beharko dituzte abuztuaren 21a baino lehen. Antolatzaileek beraien sare sozialei adi egoteko dei egin dute.

EuropeanFilmChallenge Zinemaldia 2024-zinea

Berlinalean, Cannesko Zinema Jaialdian eta Veneziako Mostran bezala, Donostia Zinemaldiaz gozatzeko aukera eskainiko du Creative Europe Media erakundeak aurten. Bi hilabete eskas falta dira hitzordurako, eta zinema gogoz daudenek beren zaletasuna erakutsiz irailaren 20tik 28ra bitartean ospatuko den 72. ediziora bertaratu ahalko dute EFCxSSIFF lehiaketaren bidez.

The Film Agency-rekin martxan jarritako egitasmoan parte hartu nahi dutenek abuztuaren 21era arte dute deialdia zabalik. Egiteke dutena erraz erraza da: lehenik eta behin, ondoko webgunean izena ematea; ostean, ekoizpen europarra duten 10 film ikustea, 10 astetan.

Onuradun bakarra egongo da, puntuazio altuena duena. Horretarako, antolatzaileek ohartarazi dute interesdunak European Film Challenge España-ren sare sozialei adi egon beharko direla, bertan xehetasunak argitzen joango baitira, besteak beste, zein pelikulak eman ditzakeen puntu gehien.

Partaideek filma ikusteko erabilitako baliabide edo formatua azaldu beharko dute ere (zinema aretoa, jaialdia, telebista, streaming plataformak, DVDa edota Blu-Raya), horien izena edo tokia ondo  zehaztuta. Filma ikusi ostean, argazki bat eskatuko dute baita, ikustaldia ziurtatzeko.

EFCxSSIFF lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta informazio osagarria, hemen.