Besteak beste, Txintxua Films ekoiztetxearen Karmele (Asier Altuna) film luzeak jaso du aholkularitza. Iaz, aldi berean, ikus-entzunezko 48 izan ziren bulego nafarrarengana jo zutenak.

Navarra Film Commission-lehen seihilekoa-zinea

Navarra Film Industry-ren baitako Navarra Film Commission bulegoak lurraldean errodatzen ari diren ikus-entzunezko proiektuei aholkularitza eskaintzen die urtero. Lehen seihilekoa pasata, datu harrigarria zabaldu dute: 77 ekoizpenek jo dute komisioarengana; iaz, aldi berean 48 izan ziren. Tartean dira film luzeak, telesailak eta telebista programak (41) zein film laburrak, bideoklipak eta spotak (36).

Navarra Film Commission-en aholkularitza jaso eta, bulegoak argitu duenez, “lurraldean inpaktu gehien” dutenen artean Karmele dago, Asier Altuna zuzendari eta Txintxua Filmsen babesa duen fikziozkoa; apirilean eta maiatzean aritu dira irudiak hartzen Euskal Herriko hainbat txokotan. Proiektuak EiTBren partaidetza du, eta 2023ko bigarren balorazio-mahaian RTVEk erositako filmen artean dago ere. Aurreikusi dutenez, 2025ean estreinatuko dute zinema areto komertzialetan.

Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberriaren egokitzapena da filma: Karmele erizain euskaldun bat da, 30eko hamarkada amaieran Frantzian erbesteratuta dagoena. Txomin ezagutzen du  bertan, tronpetista birtuoso bat. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorio bat biziko du Paris, Caracas eta Euskal Herriaren artean, eta elkarrekin familia bat osatuko dute, elkarrenganako konplizitate osoarekin, harik eta bi aukeraren artean erabaki behar duten momentua heltzen den arte: familia edo ideiekiko fideltasuna. Goya saridunak diren Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreek interpretatuko dituzte filmeko pertsonaia nagusiak, eta Nagore Aranburu zein Javier Barandiaranek haragituko dituzte Karmeleren gurasoak.

Urte bukaerara begira

Lehen seihileko honetan aholkularitza jaso dute ere ondoko obrek, besteak beste: Tornasol ekoiztetxearen Mis hijos valen oro film luzeak -25 profesional nafar eta 15 enpresa lokal kontratatu dituena-, Zeta Studios-en No estás sola. La lucha contra la manada dokumentalak -Netflixek ekoiztutakoa-, edota Morena Films-en El fútbol es así serie dokumentalak.

Bigarren seihilekoari dagokionez, EiTBren telebista saio batean eta fikziozko telesail batean parte hartu du Navarra Film Commission-ek.