Etxe betea egitasmoak emakume zinemagileei zuzendutako Gela bat norberarena egonaldi artistikoaren V. edizioa iragarri berri du. Bi emakume zinegile aukeratuko dira, eta bakoitzak 9 hilabetez izango du ostatua, 5.000 €-ko laguntza ekonomikoa eta mentoria-zerbitzua.

Virginia Woolfen omenez sortu zuten ‘Gela bat norberarena’ izeneko egoitza artistikoa, 2017an. Naiara Carmona izan zen lehen urte hartako artista egoiliarra, eta Esti Urresolak hartu zion lekukoa 2018an.  Hirugarren urtean,  Ainhoa Rodríguez izan zen onuraduna eta, aldiz, iazkoan, Mikele Landa zinemagile bizkaitarra eta María Herrera López ekoizle eta zuzendari espainiarra izan ziren hautatuak.

Bada, iaz zabaldutako bideari jarraiki, bi emakume zinemagileri zabalduko diete deialdia 2024an ere. Hala, egoitzetako  bat euskarazko proiektua duen sortzaile batentzat izango da, eta bestea beste edozein hizkuntza (gaztelania, katalana, aranera, valentziera, ingelesa) erabiliko duen zinemagile batentzat. Parte hartzaile bakoitzak gela fisiko propioa izango du bederatzi hilabetez Bilboko eraikinik enblematikoenetako batean, 5.000 euroko laguntza ekonomikoaz gain.

Egoiliarrek beraiek proposatuko dituzte aholkulariak beren proiektuentzat, eta Etxe Betea egitasmoko talde-motorea arduratuko da bakoitzarentzat egokiena hautatzeaz. Gainera, egoitza artistikoaren barruan parte-hartzaileentzako akonpainamendu feminista egongo da.

Mentoretzak 2024ko urritik 2025eko ekainera bitartean egingo dira, eta egoiliarra eta mentorea hilean behin bilduko dira. Hori horrela izan dadin, hautatutako egoiliarrek ondorengo data hauetan bertaratzeko konpromisoa sinatu beharko dute: 2024ko azaroaren 25etik 29ra, 2025eko martxoaren 10etik 14ra eta 2025eko ekainaren 9tik 13ra.

Baldintzak

Egoitza artistikoa adin, nazionalitate eta esperientzia guztietako emakumeei zuzenduta egongo da, baldin eta sortzen ari diren film luzea garapen-faseko lehengo urratsetan badago. Dokumentazioa euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez bidali ahal izango da.

Deialdi honetan parte hartzeko epea abuztuaren 23an amaituko da. Beharrezko dokumentuak formulario honetan aurkeztu behar dira.