Sacamantecas

David Perez Sañudoren proiektu berrienak Gasteizko izen bereko hiltzailearen historia kontatuko du. 20 eta 70 urte bitarteko herritarrak galdegin dituzte, esperientzia izan edo ez.

XIX eta XX. mendeetan girotuta, Juan Diaz de Garaio ‘Sacamantecas’ pertsonaia historikoari buruzko film luzea prestatzen ari da David Perez Sañudo zinemagile bilbotarra. Gasteizen ezaguna den emakumeen hiltzailearen istorioa kontatuko duen thrillerra izango da, eta aurreratu dutenez, Antonio de la Torre aktore espainiarrak haragituko du.

Amania Films ekoiztetxearen proiektua denak 2023ko TIFF – Toronto Internation Film Festival jaialdiko industria arloan parte hartu zuen iaz, Do it the Spanish Way! International Co-Production Forum koprodukzio foroko pitching saioetan, eta errodatzen hasiko dira aurki. Horretarako baina, bertan arituko diren figuranteak behar dituzte. Bada, Flor&Txabe casting enpresak 20 eta 70 urte bitarteko herritarrak galdegin ditu, gizon zein emakume, esperientzia izan edo ez.

Urrian hartuko dituzte irudiak. Hala, casting deialdira aurkezteko interesa dutenek  txabeyflorcasting@gmail.com korreo elektronikora mezua bidali beharko dute, beraien argazki bat erantsita eta bizilekua zehaztuta. Uztailean zehar egingo dute azken hautaketa.

Filma 2025ean estreinatzea aurreikusten dute, eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta EiTBren laguntzak jaso ditu. 2023an, gainera, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren babesa izan zuen, 1,2 milioi euro.