Euskal Herriko queer memoriaren inguruko sorkuntza zinematografikoa bultzatzea helburu duen lantegia hartuko du Tabakalerak. 10 parte-hartzaile hautatu dituzte, eta bakoitzak hamar minutuko iraupena izango duen film labur bat egingo du, Euskadiko Filmategiak utzitako artxibo materialetatik abiatuta.

Historian zehar, LGBTQIA+ komunitateak etengabeko borrokari aurre egin behar izan dio aitortua izateko eta tratu ekitatiboa jasotzeko. Are, artxibo ofizialetan, askotan, alde batera utzi edo ez zaie kasurik egin komunitatea beraren narratibei, eta horren ondorioz zaildu egin dira bai sarbidea eta baita belaunaldien arteko loturak ere. Bada, premisa horretatik abiatuta ondu dute ‘Memoria lotsagabeak: sorkuntza lantegia. Gure queer memoria berrapropiatzen’ lantegia, aukera “ezin baliotsuagoa” tokiko queer historiarekin modu sortzaile batean konektatzeko eta iragan baztertu hura argitzeko.

Ikastaroa 2024ko uztailaren 15etik 26ra garatuko da Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian, eta 10 parte-hartzaile hautatuko dituzte, lantegi baten testuinguruan, bakoitzak gehienez hamar minutuko iraupena izango duen film labur bat egiteko. Sorkuntza lan horiek Euskal Herriko queer memoria historikoarekin lotu beharko dute beren narrazioa, eta arlo honetan adituak diren profesionalen tutoretza jasoko dute, besteak beste Aitor Gametxo eta Tamara Lucarini Cortés.

Lanerako orduan, Euskadiko Filmategiak bere artxiboko ikus-entzunezko materialak hornituko ditu, parte-hartzaileek beren film laburretan erabil ditzaten beren narratiba disidente berriak sortzeko. Era berean, bakoitzak ekipo bat (PC edo MAC) izango du laborategian, lantegiak irauten duen bi asteetan edizio-lana egiteko. Laborategitik kanpo ere landu ahal izango da muntaia.

Esperientzia borobiltzeko, parte-hartzaileek tutoretza-saio bi izango dituzte lehen aipatutako profesionalekin, eta lantegian zehar elkarrizketa eta proiekzio informatibo eta inspiratzaileetan parte hartuko dute, beren esperientzia eta film laburren garapena aberasteko.

Tailerrak bi asteko iraupena du, baina aurkezpen eta tutoretza saioetarako bakarrik egotea derrigorrezkoa izango da. Jada itxita dago izen-emate epea.