Donostia Kulturak 2024-2025 ikasturterako atondu dituen ikastaroen eskaintza aurkeztu berri du: 562 formakuntza desberdin, gehienak, helduentzat (534), eta eskaintzaren ia erdia euskaraz. Ikus-entzunezkoak eta zinemagintza oinarri dutenak tarteko.

Ikus-entzunezko alorrean, hainbat dira proposatutako ikastaroak. Ohi bezala, Larrotxene Bideoren eskutik, lehen urratsak eman ala trebakuntza espezifiko edo gehigarria eskuratu ahalko dute izena-ematen duten zale edo profesionalek. Era berean, 200 eta 265 euro arteko kostua dute ikastaroek, iraupenaren arabera (Donostia Kulturako harpidedunek deskontuak eskura ditzakete).

Bada, honakoa da ikus-entzunezkoak edota zinemagintza oinarri atondu duten eskaintza:

Hiria miatu, postalak filmatu – MAIDER OLEAGA. Ikastaro honetan gure hiria miatuko dugu zinemagileen begi eta belarriekin. Hau da, inguruan ditugun ikusmuga eta zirrikituak arakatuko ditugu gerora ikus-entzunezko postalak eraikitzeko. Beraz, espazioa miatuz nola enkoadratu erabakiko dugu, zinemagilearen berezko keinuak landuz.

Gidoigintza – ANDONI DE CARLOS. Gidoiak idazten ikasteko ikastaroa. Ikus-entzunezko dramaturgia eta ezagutzeko eta hainbat ariketaren bidez praktikan jartzeko ikastaro teoriko-praktikoa.

Argazki zuzendaritza – PELLO GUTIERREZ. Kamera eta argazkiaren ezagutza tekniko eta praktikoak esploratuko ditugu, argiztapenaren oinarrizko kontzeptuak ikasiko ditugu, eta ondoren irudiaren postprodukzioaren oinarria landuko dugu.

Bideo Mapping esperimentala – EDORTA SUBIJANA. Bideo mapping teknikaren bidez, hiru dimentsioko gainazal konplexuen gainean ikus-edukiak proiektatuz, proiekzioaren eta euskarri fisikoaren arteko interakzioak landuko ditugu. Tailerraren helburua teknika honen aukeren azterketari ekitea da: ikuspegi esperimental batetik, egiteko modu berriak aztertuz, eta praktikatik abiatuta, parte hartzen duten pertsonei benetako instalazio-proiektuak egiten lagunduz.

Zinema ekintzailea. Gerrilako ez-fikzioa – ANDER IRIARTE. Ikastaroan, ez-fikzioaren sorkuntza ekintza politiko-autokontziente eta aldez aurretik pentsatutako gisa landuku dugu. Inguratzen gaituen mundua behatzeaz gain, inpaktua, eragin eta hura aldatzeko borondatea duten lanak ideia bezala sortuko ditugu. Ez-fikzioari buruzko oinarri teoriko batetik abiatuta hainbat lan hausnartuko ditugu eta ostean, gure errealitatean eragiteko borondatea duten ikus-entzunezko piezak sortuko ditugu.

Zinema ekoizpena – ANDER SAGARDOY. Fikziozko zinema ekoizpenaren oinarrizko jakintzak ezagutzeko kurtsoa. Film laburretan sakonduko da bereziki, baina paraleloki film luzeen kasuistikarekin konparatzen joango gara.

Zer da eta nola egiten da soinu-banda bat – JOSEBA BERISTAIN. Parte-hartzaileek soinu-banda bat nola sortzen den ulertzen ikasiko dute, definiziotik grabaziora, konposiziotik pasatuta.

Muntaian pentsatuz: Dokumentalen edizioa – AMAIA MERINO. Zenbatetan eta zenbatetan entzun edo esan duzu: Honekin dokumental bat egin behar da! Tira ba, ekar itzazue zuen istorioak, zuen ideiak eta elkarrekin bidaia bat egitea proposatzen dizuet, hasieratik muntaian pentsatzekoa. Ideia orokorretik hasita, funtsezko galderak erantzun ondoren, estrukturarantz.

Realización de documentales – OSKAR TEJEDOR. Proiektu dokumentalak egiteko ikastaro teoriko-praktikoa. Ikastaroaren helburua da ikasleek beren proiektu propioak egiteko behar dituzten tresnak izan ditzaten lortzea. Ikasleei horretarako behar dituzten oinarrizko ezagutzak emango zaizkie.

Color Grading con Davinci Resolve – UNAI ROSENDE. Parte-hartzaileek industria zinematografikoko profesionalek gehien erabiltzen duten softwareetako bat erabiltzen ikasiko dute, ikusizko emaitza zirraragarriak lortzeko.

Dirección de cine – PABLO MALO. Zuzendaritza departamendu batek berarekin zer dakarren aztertuko dugu, hasi aurre-ekoizpenetik, filmatze baten planifikazio, departamendu eta talde desberdinen arteko harreman, aktore andre eta gizonekiko lan eta castingetik eta etorkizuneko postprodukziora bitartekoa, emandako gidoiaren grabazioari bermeez heldu ahal izateko.

Cine-collage. Archivo, remontaje y películas sin cámara – MARIA ELORZA. Zinemaren historiako klasikoak, Youtubeko bideoak, etxeko filmazio zaharrak eta berriak, film umezurtzak: digitalizazioak atea ireki dio iraganean eskuraezina zen ikus-entzunezko materialaren zirkulazio askeari. Eta horrekin batera, genero bat osatzen duen zinema bat ugaritu da: aurkitutako artxiboko edo metrajeko filmak. Hau da, “kamerarik gabeko” zinema.

Guion avanzado – MICHEL GAZTAMBIDE. Ikastaro teoriko eta praktikoa; ikus-entzunezko idazketaren alderdi profesionaletan eta baliabide narratiboen arloan eragin berezia duena.

Sonido directo y diseño de audio – XANTI SALVADOR. Zuzeneko soinua kapturatzeko teknikak aztertzeko eta soinu-nahasketak, audio-giroak eta unibertso narratibo soinudunak sortzen ikasteko ikastaroa.

Egin beharreko ikastaroen matrikulen ordainketa gehienez ere 2 orduko epean egin beharko da -ikastaro bakoitzari esleitutako txandan-, bai webgunearen bidez, baita aurrez aurre ere; banku-transferentzi ordainketek, aldiz, 24 orduko gehieneko epea izango dute.

Informazio osagarria, Donostia Kulturaren webgunean.