Basque.Audiovisual  eta Porto/Post/Doc erakundeen arteko lankidetza hitzarmenari esker, gutxienez euskal proiektu batek parte-hartu ahalko du Portugalgo jaialdiak urtero bere gain hartzen dituen koprodukzio topaketetan.

Datorren azaroaren 26an eta 27an ospatuko da Porto/Post/Doc jaialdia, eta honen baitan egingo diren koprodukzio topakeketan, Portugal, Espainia eta Frantziaren arteko harremanak sustatzea da bi erakundeek erdietsitako akordioaren funtsa. Hala, hamabi proiektu aukeratuko dituzte jaialdiak sustaturiko networking saioetan, hitzaldietan eta bileretan parte-hartzeko, eta horien artean, gutxienez batek euskal ekoizpena izango du.

Beren partetik, Basque.Audiovisual. markaren arduradunek proiektuen inskripziorako deia luzatu dute, uste baitute “oso emankorra” suerta dakiekela ekoizleei beren lanen garapenerako. Hain zuzen ere, garapen-fasean dauden edozein generotako zinema-proiektuak onartuko dituzte deialdian, baldin eta gutxienez %15eko finantzaketa bermatua duten.

Irailaren 6a ezarri dute izena-emateko azken eguna. Porto/Post/Doc jaialdiaren industriako gainerako jarduerei buruzko informazioa, HEMEN.