Aurten lehenengoz banatu duten ‘Film laburren aldeko EITB Saria’ hartu du Gaizka Blasco semeak 2024ko festibalaren irekiera-ekitaldian; ostean, sail ofizialeko lehen lan sorta pantailaratu dute. Gaur, Korterraza Txiki saioa egingo dute.

Txema Blasco Korterraza Gasteiz-zinea

Ekainean zehar Araban zehar hainbat saio egin badituzte ere, bart ekin diote Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren 15. edizioari, eta nola gainera. 2024ko festibalaren xehetasunak argitu atarian ezagutu genuen hirian jaiotako eta euskal zinemagintzan erreferente izan den Txema Blasco aktorea zendu zela, eta ekimenaren antolatzaileek hura omendu nahi izan dute.

“Denok maite genuen Txema. Beti zegoen laguntzeko prest, pertsona handia zen, aktore handia, tipo handia. Zinemak eta guk denok haren hutsunea nabarituko dugu”, adieraziz gogoratu zuen Xabi Vitoria jaialdiaren zuzendariak aurkezpen-ekitaldian Blasco, eta atzoko inaugurazio ekitaldian haren ondarea aldarrikatu zuten ere. Gaizka semeak aurten lehenengoz banatu duten ‘Film laburren aldeko EITB Saria’ hartu du ikus-entzuleen txalo zaparrada artean, bere aitak bizitza osoan zehar jasotako maitasuna eskertuz.

Kontulari lanetan aritu zen urte luzez, pailazo gisa ere, eta ostean, antzerkian ezagutu dugu baita; Gasteizko Farandula antzerki taldeko sortzaileetako bat izan da, esaterako. 70eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea zinemagintzan, zuzendari arabar amateurrekin batera kolaboratuz, eta film labur, luze eta telebistarako hamaika lanetan aritu da ordutik.

50 urte zituela egin zuen salto zinema arlora, eta bizitza ia erdia eskaini dio. 1981ean Imanol Uriberen Segoviako ihesa film luzean parte hartu zuen. Segidan, aurton 40 urte beteko dituen Tasio (Montxo Armendariz, 1985) klasikoan ikusi genuen, eta Obaban (2005) bi hamarkada geroago. Juanma Bajo Ulloaren Alas de mariposa (1991), Julio Medemen Vacas (1992), edota Arantxa Lazkanoren Urte ilunak (1993) film luzeak ditu beregain, eta 200 film labur ingurutan parte hartu du.

Lehiaketa martxan

Sail ofizialaren lehiaketa ere martxan jarri dute dagoeneko. 22:00etan, Artium Museoaren kanpoaldean, ikusgai izan da lehen film laburren sorta, eta gaur zein bihar izango du jarraipena. Guztira, 35 lan erakutsiko dituzte, ekoizpen arabarren presentzia handiarekin. Besteak beste, Xavi Vitoriaren El carné de(s)madre; David Pérez Sañudoren Agrio, Patricia Lopez Arnaiz protagonista duela; Hado, Rubi Rock zuzendariarena; edota Hadas, Beatriz de Silva zinemagilearen azken lana pantailaratuko dituzte. Eta musika ere ez da faltako; zazpi kontzertuk osatuko dute orotara egitaraua.

Gaur, gainera, 19:00etan, etxeko gaztetxoenentzako zinema saio berezia hartuko du Artium Museoko auditorioak. Animaziozko zortzi film labur egongo dira ikusgai Korterraza Txiki jardunaldian. Aurretik, 18:00etan, Artium Museoaren barruko plazan Ane Gebara euskarazko ipuin kontalariak animatuko ditu txikiak.