Isabel Hergueraren opera prima Animated features sailean sartu dute, nazioarteko beste sei ekoizpenekin batera.
Annecy Festivalean saritua izan berritan, Isabel Herguera animaziogile donostiarrak zuzendutako Sultanaren ametsa filmak Ottawa International Animation Festival jaialdian parte hartuko du irailaern 25etik 29ra bitartean. Kanadan ospatzen duten eta iparamerikako animaziozko zinemaldi garrantzitsuena den hitzorduaren baitan lehiatuko da, beste sei ekoizpenekin batera, Animated features sailean.
Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du Hergueraren opera primak oinarrian. Amets egiteko gai ez den Ines gazte donostiarra da protagonista, ezustean, Sultanaren ametsa liburua topatuko duena, non Emakumeen Lurraldea deskribatzen den. Bertan, emakume guztiak zientzialariak dira eta botere osoa dute, eta gizonak, beren ezjakintasuna dela-eta, etxean giltzapetuta daude. Literatura utopiko feministaren obra klasiko honek eta haren autore Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibista musulmanak txundituta, Inesek Indian zeharreko bidaia iniziatiko bati ekingo dio autorearen urratsen atzetik, Emakumeen Lurraldearen bila.
KRITIKA | SULTANAREN AMETSA: Milaka isilune
Zinemagile eta artista bisual donostiarrak hainbat teknika erabiliz sortu zuen lana, akuarelazko 2D edota mehndi estiloak, besteak beste, eta bost hizkuntza (euskara, espainiera, italiera eta Indiako hainbat hizkera) entzuten dira filmak uztartzen dituen hiru istorioetan zehar. Era berean, nabarmentzekoa da lan-taldeko kide gehienak emakumezkoak direla: Miren Arrieta eta Mireia Gabilondo aktoreak eta Mary Beard historialaria, besteak beste. Haiekin batera, Paul B. Preciado filosofoa edota Maurizio Faraoni, Tajdar Junaid soinu bandaren egilea, edota Moushumi Bhowmick poeta bengaliarra.
Donostia Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu ostean nazioarteko bide bete-betean da Sultanaren ametsa. Besteak beste, berriki, Animafest Zagreb (Kroazia) jaialdi ospetsuaren Grand Prix saria nagusia eskuratu du.