Filmak azken 25 urteotako Bilboko panorama kultural eta sozialean barrena egindako ibilbidea jasoko du. Estreinaldiaren ondoren FILMIN plataforman egongo da ikusgai, uztailaren 12tik aurrera.

Bilborock dokumentala-zinea

Bilboko Udalaren laguntzarekin, Media Attack ekoiztetxeak Bilborock, rocka baino askoz gehiago dokumentala ondu du, eta larunbatean (uztailaren 6an) izango da aurrenekoz Bilborock aretoan ikusgai, 19:30ean hasita. Ikus-entzunezko sektorean esperientzia handia daukaten Álvaro Fierro eta Diego Urruchi zinemagileek zuzendu dute lana, eta azken 25 urteotako Bilboko panorama kultural eta sozialean barrena egindako ibilbidea jaso dute bertan, musikaren bidez noski.

Bilboko udal-ekipamenduaren garrantzia azpimarratzeko xedez jaio da dokumentala, hala, gazteentzako kultura- eta musika-eskaintza askotarikoa eta interesgarria bultzatzeko ekipamendua azpimarratu dute sortzaileek lanean. Kulturak hiria zelan aldatu duen eta hiriak kulturan zelan eragin duen aztertuko du artxiboko irudien bidez, eta aretoarekin zuzenean edo zeharka lotutako pertsonen testigantzak eta eztabaidak ere jasotzen ditu. Besteak beste, Josu Ortuondo, Frenillo Frakturado, Lova Lois, Juanma Cembellín, Deu Txakartegi, Afrika Bibang, Nenita Danger, José Caecero, Marilú Albizu eta Alaitz Arenazaren hitzak entzun daitezke.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia pozik azaldu da lana aurkezteko egindako prentsa agerraldian, eta dokumentalak dakarren ondarea azpimarratu du: “Bilborock nahi dugun hiri-eredua da. Hiri gazte eta dinamikoa, talentuaren, sormenaren eta etorkizunaren aldeko apustua egiten duena, baina historiaz betetako iragana ahaztu gabe. Bilborock gazteentzako eta kultur produkziorako sinergia-gune bihurtu da, batez ere musikaren arloan, baina baita ere zinemaren, antzerkiaren, dantzaren, modaren edo ikus-entzunezko produkzioaren arloetan, erakusketarako, sormenerako, entseguetarako eta grabaziorako eskaintza erakargarri batekin”.

Bilborock, rocka baino askoz gehiago dokumentalaren ekoizpen exekutiboa Paula Bañuelosek egin du, María Zabala arduratu da argazki-zuzendaritzaz eta edizioa María Zabalak eta Gorka Agirregabiriak egin dute. Larunbatean Bilborock aretoan estreinatu ostean, filma FILMIN plataforman egongo da ikusgai uztailaren 12tik aurrera.