Film luzeen proiektuak lantzen ari diren zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko lan saioa ekainaren 27an garatu zen Tabakalerako 2deo aretoan. Datorren irailaren 5ean eta 6an egingo dute laugarren modulua, ekoizpenari buruzkoa.

Noka ekoizpena 3 modulua-zinea

Zineuskadi Elkarteak Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin elkarlanean, iragan martxo hasieran iragarri zuen Noka Ekoizpena programa berria; Euskal Herriko emakumezko zuzendari berriei tutoretza eta laguntza eskaintzea du helburu, esku artean dituzten film luzeen proiektak azken fasean dituztenean. Besteak beste, gidoia amaitzen eta aurreprodukzioan lehen urratsak ematen lagunduko zaie deialdian hautatuak izan diren bi zuzendari eta bi ekoizleei.

Bada, apirilaren 12an, Bilboko Artxibo Historikoan elkartu ziren programaren lehen edizioan hautatuak izan diren bina zuzendari eta ekoizleak, tutoreak aldamenean zituztela. Aldiz, maiatzaren 24an garatu zuten bigarren modulua, Gasteizko Artium Museoan, eta hirugarrenak Donostia izan du geraleku, ekainaren 27an.

Tabakalerako 2deo aretoan gauzatu dute, eta hautatutako emakume zuzendari eta ekoizleek beren lanetan egiten ari diren aurrerapenak erakusteko aukera izan dute. Batetik, Nerea Castro zinemagileak eta Gádor Camacho ekoizleak Canción Animal aurkeztu zuten. Bestetik, Joana Moya zuzendariak eta Paloma Hernández Gonzalez produktoreak La Koreana lana izan zuten hizpide.

Gidoien egituraketari buruzkoa saioa izan da hirugarren modulua. Mercedes Selgas film controllerak eta Clara Lago Caballo Filmseko zuzendari nagusiak produkzioari buruzko mentoretza eskaini dute. Gainera, Isabel Peña Domingo zinema eta telebistako gidoilariak mentoretza-programa horretan emango duen aholkularitzara ere batu dira.

Laugarren modulua irailaren 5 eta 6an egingo da, Tabakaleran berriz ere, eta ekoizpena izango du ardatz. Bertan, parte-hartzaileek proiektuak abian jartzeari, finantzaketa-iturriak lortzeko moduari eta finantzaketa-eskema ohikoenei buruz hitz egingo dute. Ostean, parte-hartzaileek estrategia eta finantzaketa-plana egin ahal izango dituzte, eta eskatu ahal izango dituzten laguntzen egutegia ere prestatu ahal izango dute.

Eraginkortasuna helburu

Programa berriari esker, Noka Mentoring egitasmoan sortutako proiektuen eraginkortasuna bultzatu nahi da, laborategi, inkubagailu edo erakunde desberdinetatik etor daitezkeen beste proiektuak ahaztu gabe. Era berean, proiektu horiek pantaila handira eraman ditzaketen emakumezko ekoizle berriak prestatzearen alde ere apustu egin nahi dute.

Hala, denbora, espazioa eta testuingurua eskaintzeaz gain, Noka Ekoizpenaren barruan aurrekontuak doituak osatuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Horrez gain, filmaketekin hasi ahal izateko ekoizpena planifikatzen lagunduko zaie, eta azkenik, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independentearen profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.