Philippe Oyhamburu koreografo eta idazleari buruz Lucia Barahonak zuzendu duen dokumentala eta Iratxe Fresneda arrigorriagarren hirugarren film luzea eskainiko ditu dokumental gaua hitzorduan, gaur. Ohiko kanaletan zein kanaldude.eus atariko zuzeneko atalean egongo dira ikusgai, 20:00etan hasita.

bizi naizeno eta tetuan-zinea

Crossroads Productions eta Kanaldudek aurkeztutako proiektua da Bizi naizeno, je danserai la viePhilippe Oyhambururen biloba den Lucia Barahonak zuzendu duena; hamar urtez aritu da irudiak hartzen. Dokumentala euskaraz eta frantsesez errodatuta dago, eta Olaeta zein Etorki dantza-taldeen zuzendaria izandakoaren ibilbidea errepasatuko du, musika bidelagun. Oyhambururen grabazioekin batera, Institut national de l’audiovisuel (INA) institututik hartutako irudi eta artxiboek osatu dute ikus-entzunezkoa.

2023ko ekainaren 25ean Miarritzeko Le Royal zinegelan egin zuten dokumentalaren aurrestreinaldia, Oyhamburuk 102 urte bete bezperan, eta ordutik, “euskal kulturaren enbaxadoreari” buruzko sorkuntza-lana hainbat tokitan egin dituzte emanaldiak.  Gaur, Kanaldude Telebistak igorriko du, 20:00etan hasita, eta Orange 358, Bouygues 339, Free 948 eta SFR 496 kanaletan zein kanaldude.eus atariko zuzeneko atalean egongo da ikusgai.

Ostean, 21:00ak inguruan, Iratxe Fresneda zinemagile arrigorriagarrak ondutako erregistroaren gaineko trilogia itxiko duen ez-fikziozkoa emango dute: Tetuán. Pertsona migratzaileei buruzko filma da non zinema, familia baten istorioak eta memoria, igaroleku eta nebulosa bailiran banatuko diren. Alaba batek (Fresneda bera), aitaren iraganaz sentitzen duen jakin-minak gidatuta, abiatutako bidaia erakutsi ditu bertan, benetakoa eta zinematografikoa, iragana eta oraina kontuan hartuko dituena. Tetuan, Almeria eta bere basamortua, Madrilgo kaleak, Pirinioak, Euskadiko txokoak eta Danubio ibaiaren ertzean dagoen Errumaniako herri txiki bat izan dira bidaia honen lekuko.

KRITIKA | TETUÁN: Denok gara hangoak eta hemengoak

2022ko Xixongo Nazioarteko Zinemaldian eta ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ikusi zuen proiektuak argia, eta orainaldiko ikuspuntutik migrazio eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen sorkuntza dokumental gisa aurkeztu zuen Fresnedak. Pinpi&Nella Films ekoizpen etxea, Marmoka Films, Corpus Films eta Arena Comunicación taldeak daude proiektuaren atzean, eta Jonay Armas arduratu zen musika konposizioaz.