Gipuzkoako CNT sindikatu anarkistaren kultur atalaren ekimenez, Memoria Historikoaren jardunaldiak egingo dituzte uztailean, Donostiako Amara Berri auzoko Ferrerias Plazako egoitzan. Tartean, bi dokumentalen emanaldia eskainiko dituzte, hilaren 6an eta 20an.

Larunbat honetan, hilaren 6an, programatu dute lehen hitzordua, Anarkismoaren hastapenak Euskadin dokumentalaren proiekzioarekin. 10:30an abiatuko dute saioa.

Hilaren 20an, bestalde, Casilda, beste pausuen oihartzuna proiektatuko dute, 10:30an ere bai. Kasilda Hernaez Donostiako militante anarkistari buruzko dokumentala da honakoa, eta protagonistaren senitartekoek hainbat historialarik eta mugimendu anarkista eta libertarioko kideek emakumea goratu eta bere bizitzako pasarteak gogoratuko dituzte. Juan Felipe iruindarrak zuzendu duen dokumental auto-gestionatua 2021eko irailean estreinatu zuten Donostiako Zinemaldi Alternatiboan.

Azkenik, Memoria historikoa hitzaldiarekin itxiko dute hilaren 27an memoria historikoari eskainitako ekimen sorta, hori ere 10:30ean.