Zinemagintzako hastapenari eta bideo edizioari buruzko tailerrak eskainiko dituzte. Parte hartzeko, ezinbestean, adinez nagusi izan eta Bilbon erroldatuta egon beharko dira interesdunak.

tailerrak 2024-2025-bilboko udala-zinea

2024-2025 ikasturtean ere, Bilboko Udalak hiritarren aisialdia dinamizatzeko eta praktika osasungarrirako ikastaroak eta tailerrak proposatuko ditu. Kulturarekin, berdintasunarekin, osasunarekin eta aisialdi zein kirolarekin lotutako 320 eskaintza izango dira, hiriko zortzi barrutietako udaltegietan egingo direnak. Parte hartzeko, ezinbestean, adinez nagusi izan eta Bilbon erroldatuta egon beharko dira interesdunak, eta izen-emate eskaera www.bilbao.eus webgunearen bidez egin daiteke, irailaren 2ra arte.

Eskaera-epea bukatuta, irailaren 5ean zozketa bat egingo dute, eskatzaile bakoitzari izena emateko hitzordu bat esleitzeko, udalaren webgunean kontsultatu ahalko dena. Ostean, inskripzioaren ziurtapena irailaren 11tik 23ra egin beharko da, eta izena eman ondoko hiru egun baliodunetan egin beharko da ordainketa.

Ikus-entzunezko arloari dagokionez, bi dira eskaintzak: Zinemagintzako hastapena eta Bideo edizioa. Bata zein bestea gaztelaniaz izango dira.

Zinemagintzako hastapena

Filmen errealizaziorako teknikak aztertuko dituzte: plano motak, kameraren mugimendua, argazkigintza, enkoadraketa, eta abar; halaber, egitura eta gidoi zinematografikoa landuko dituzte ere. Errodatzeko plan baten bitartez, dokumental txiki bat egin eta planifikatuko dute: aurre-produkzioa (gidoia), ekoizpena (proiektuaren garapena), eta postprodukzioa (muntaketa eta efektu bereziak, soinu-banda). Ikasleek erosi beharreko materialaren gutxi gorabeherako kostua: 30€

Ondoko udaltegietan eskainiko dute ikastaroa:

  • Deustu-Bidarte Udaltegia. Astearteetan (18:45-20:45). 16 plaza
  • Castaños Udaltegia. Astelehenetan (18:45-20:45). 12 plaza
  • Abando Udaltegia. Asteazkenetan (18:45-20:45). 15 plaza

Bideo edizioa

Ikus-entzunezko hizkuntzaren azalpena, argazkiaren enkoadraketa eta arau zinematografikoak, irudi eta soinuen manipulazioa, DVDen autoretza, bideo eta audio formatuak, bideo-efektuak, tituluak jartzekoa, hizkien animazioa eta irudien iraulketa. Ezinbestekoa da informatikako ezagutzak edukitzea. Ordenagailu bat egongo da 2 pertsonako, eta Pinacle Studio programa erabiliko dute ediziorako.

Ondoko udaltegietan eskainiko dute ikastaroa:

  • Santutxu Udaltegia. Ostegunetan (18:45-20:45). 12 plaza
  • Abando Udaltegia. Asteazkenetan (16:30-18:30). 12 plaza

Bilboko Udalaren ikastaro eta tailerren gida kontsultatu, HEMEN.