Eneko Muruzabal Basque Green Film (BGF) erakundeko koordinatzailearen bitartekaritza izango duen webinar saioa antolatu dute datorren uztailaren 11n, osteguna, KALKU – Kultur Proiektuetarako Karbono Aztarna Kalkulagailua aurkezteko. Zinema, antzerki, arte eszeniko eta kontzertuen antolakuntzako profesionalei zuzenduta dago, 45 minutuko iraupena izango du, doakoa da eta izena eman behar da.
KALKU Basque Green Filmek diseinatutako tresna-prototipoa da, CO2-aren emisioak murrizteko eta proiektu iraunkorragoak egiteko aukerak erraz identifikatzeko. Gutxi gorabeherako kalkulua garatzen ari diren proiektuen aurrekontuan oinarritzen da, eta hainbat arlo nagusirekin lotutako karbono-emisioen banakatzea eskaintzen du, hala nola bidaiak (hegazkina, trena, autobusa), langileen eta materialen garraioa, ostatua, kontsumoa eta elektrizitate-sorkuntza, elikadura eta eraikuntza-materialak.
2023ko Espainiako datu espezifikoak erabiliz, KALKUk inpaktu-neurketa bat ematen du, kultura-proiektuetan hobekuntza-arloak identifikatzeko eta jasangarritasuna sustatzeko oinarri gisa balio duena. Bestela esanda, KALKU prototipo bat da, proiektuen aurrekontuan oinarrituz, zineman, antzerkian eta musikan garatzen edo aurre-ekoizten ari diren egitasmoen CO₂ emisioak neurtzen dituena.
Arestian aipatu bezala, Basque Green Film-ek (BGF) sortu du, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sortutako idazkaritza teknikoak, eta bere webgunean dago eskuragarri.
Aurkezpen saioa
Datorren ostegunean, uztailaren 11n, egingo dute tresna profesionalei aurkezteko webinar saioa. Basque Green Film idazkaritzako koordinatzailea den Eneko Muruzabalek gidatuko du, online bidezkoa izango da, 45 minutuko iraupena izango du eta doakoa da.
Zinema, antzerki, arte eszeniko eta kontzertuen antolakuntzako profesionalei zuzendu diete deia, eta izena-emateko edota informazio gehiago eskuratzeko honako formularioa jarri dute eskuragarri.