Zendu berri den Txema Blasco aktore gasteiztarra omenduko dute Gasteizen gauzatuko duten ekimenaren 15. edizioan. Araban zehar egingo den zirkuitu ibiltariak iaz baino saio kopuru murritzagoa izango du.

Korterraza 2024-zinea

Korterraza – Gasteizko eta Arabako Film Laburren Jaialdia martxan da dagoeneko. Ekaina bukaeran hainbat saio egin dituzte lurraldeko zenbait hiritan, eta bide beretik jarraituko dute datozen asteetan ere; 45 proiekzio hartuko ditu egitasmoak 40 herritan, doan. Hala ere, hitzordu nagusia, ohi bezala, hiriburuan bertan izango da, eta iragan ostiralean zendutako Txema Blasco aktorea omenduko dute. Hala azaldu du Xabi Vitoria ekimeneko zuzendariak: “Denok maite genuen Txema. Beti zegoen laguntzeko prest, pertsona handia zen, aktore handia, tipo handia. Zinemak eta guk denok haren hutsunea nabarituko dugu”.

Kultura Kalean! Elkarteak antolatuta, uztailaren 4tik 6ra bitartean ospatuko dute Korterraza Gasteiz ekimenaren 15. edizioa; lau saiok eta zazpi kontzertuk osatuko dute orotara egitaraua. Artium Museoaren kanpoaldean, 22:00etan, ikusgai izango dira sail ofiziala osatuko duten 35 film laburrak, ekoizpen arabarren presentzia handiarekin. Besteak beste, Xavi Vitoriaren El carné de(s)madre; David Pérez Sañudoren Agrio, Patricia Lopez Arnaiz protagonista duela; Hado, Rubi Rock zuzendariarena; edota Hadas, Beatriz de Silva zinemagilearen azken lana pantailaratuko dituzte. Aartean, haurrentzako jardunaldi berezi bat izango da, hilaren 5ean. 18:00etan, Ane Gebara narratzaileak ipuin-kontaketa egingo du euskaraz, eta ostean, animaziozko zortzi film labur eskainiko dituzte.

Sariei dagokienez, guztira 10 aitortza baino gehiago  (8.000 euro inguru) banatuko dituzte15. Korterraza Gasteiz jaialdian. Elena Lombao aktoreak eta Koldo Uriarte musikari eta konpositore arabarrak osatuko dute epaimahaia, eta Alex Angulo Sariaren, Keler Sariaren eta komedia onenaren ataleko Eleyco Taldea Sariaren irabazleak ebatziko dituzte. Bestetik, ikus-entzuleek Laboral Kutxa-Publikoaren Saria eta Sensibiliza Saria erabakiko dituzte. Horiez gain, Correo-Korterraza Txiki Saria eta 2. Korterraza Txiki Saria zeinBertako Igogailuak-Euskera Saria banatuko dituzte. Azken hau dagoeneko aurreratu dute Betiko gaua (Eneko Sagardoy) film laburrarentzat izango dela.

Araban zehar, hamargarrenez

2023arekin alderatuta, Kultura Kalean! Elkarteak Korterraza Arabako saio kopurua murriztu du 10. ediziorako: “Iaz 50 saio egin genituen Araban, baina gurea bezalako elkarte txiki batentzat gehiegi ziren. Aurten 40 egingo ditugu, eta hala ere asko dira, baina, aldi berean, denbora gehiagoz antolatzeko aukera ematen digute”.

Ekimenak lau saioren artean hautatzeko aukera ematen du, herri bakoitzaren gustuetara egokitzeko: Super Aukeraketa, Komedia, Txiki eta Mix. Horiek ikusi ostean, beren gustukoena erabakitzeko eskumena izango dute herritarrek; Korterraza Araba Sariaren eta Korterraza Araba Txiki Sariaren irabazleak aukeratuko dituzte.