Uztailaren 18an, 23an, 25ean eta 30ean film klasiko bana pantailaratuko dute, Baluarteko Erakusketa Aretoan. Berrikuntza gisa, emanaldi bakoitzaren aurretik zuzeneko musika saioak egongo dira.
Iruindarrek beren hondartza propioa izango dute aurten ere, eta ez nolanahikoa. Iaz abian jarritako egitasmoari jarraipena emanez, Baluarte zentroko hareatzan zinemaz gozatzeko aukera egongo da uztaileko bigarren hamabostaldian. Adin guztietako herritarrentzako filmak eskainiko dituzte jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin, baina ez hori bakarrik, musika zein sukaldaritza ez dira faltako.
Zinema estatubatuarreko klasikoak berrikusteko tartea egongo da 22:00etan, baina ateak 20:00etan irekiko dituzte, Erakusketa Aretoan afaltzeko edo txosnagunean zerbait hartzeko aukera eskainiz. Emanaldiak hasi aurretik, gainera, zuzeneko musika ikuskizunak girotuko du iruindarren hondartza.
Uztailaren 18an hasiko dute 2024ko Zinema Beach zikloa, eta lindy hop tailerraren ostean Martin Burguez & His Rhythm Combo talde kataluniarraren kontzertuak piztuko du sua. Swing, Jazz Rythm & Blues/Rock & Roll doinuak interpretatuko dituzte, The Goonies (Richard Donner, 1985) kultuzko filmari paso emanez.
Bigarren saioa hilaren 23an izango da, eta blockbuster eredua estandarizatu zuen Jaw (Steven Spielberg, 1975) ikusiko dute bertaratutakoek. Uztailaren 25ean, herri kulturan iltzatuta gelditu den Groundhog Day (Harold Ramis, 1993) komedia, eta hilaren 30ean Bruce Willis akziozko aktore gisa aurkeztu zuen Die Hard (John McTiernan, 1988) egongo dira ikusgai. Hiru saiootan DJ batek girotuko du iluntzea.
Sarrerak eta promozioak
Zinema Beach ziklorako sarrera orokorrak 6 euro balio du, eta Baluarteren webgunean eskuratu daitezke, baita leihatilan edota NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan ere. Bonuak ere jarriko dituzte salgai, lau filmak 20 eurorengatik ikustea ahalbidetzen dituztenak; saio bererako 4 sarrerako pack-ak ere daude eskuragarri.
Bertaratzen direnek promozio berezien onuradun izan daitezke. Hondartzako aulkiarekin udako zinemaz gozatzera joaten direnei izozki bat oparituko diete; familiarekin edo kuadrillan doazenek, eta gainera hondartzako janzkera daramatenek, freskagarri bat, garagardo bat edo ardoa lortuko dute; flotagailuarekin, igerilekuko txanoarekin eta hawaiiar alkandorarekin jantzita doazenek patata minen edo hamburgesa txiki baten artean aukeratu ahal izango dute; eta saio bakoitzeko filmaren gaiarekin zerikusia duen mozorroarekin hondartzaz gozatzera doanak gonbidapen bat lortuko du saio horretan bertan afaltzeko.
Informazio osagarria, hemen.