Ikus-entzunezko edukiak sortzeko I. lehiaketarako 3 minutuko iraupena duten piezak galdegin dituzte. 2025eko apirilera arte dago deialdia zabalik.

zineiazen lehiaketa-zinea

Trans haurtzaroari eta gaztaroari buruzko erreferentziak sortu nahi dituzte Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak eta Naizen elkarteak. Hala azaldu dute arduradunek festibalaren 2024ko edizioko ZG PRO jardunaldi profesionalen baitan, eta horretarako, batez ere, sareetan erraz zabaldu daitezkeen ikus-entzunezko piezak bildu nahi dituzte.

Bea Severrek (Naizen) eta Alaitz Arenzana zein Pau Guillenek (Zinegoak) aurkeztu dute ZiNaizen egitasmoaren lehenengo edizioa, “trans ahotsak entzun” eta “mundua haien begietatik ikusi” nahi dituztela aldarrikatuz: “Zinemaren bidez hausnarketa, elkarrizketa eta adierazpena uztartuko dituen espazio bat sortu nahi dugu. Trans haurtzaroekiko errespetua eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditugu. Gainera, sormena eta talentua bultzatu nahi ditugu, gai horiei modu zirraragarri eta originalean heltzera animatuz”.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek gehienez 3 minutuko lanak bidali beharko dituzte, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak, eta 2025eko apirilera arte dute deialdia zabalik. Bideoblog, mikrodokumental, fikzio edo animazio formatuak erabil daitezke.

Zinema aretoetan, ordenagailuetan edota gailu mugikorretan ikusiak izateko obrak galdegin dituzte, ondoko gaiak landuz: trans pertsonek haurtzaroan eta nerabezaroan izan dituzten esperientziak, familia, eskola, osasuna, harremanak edota aisialdian; zerbitzuak eta baliabideak (arreta medikoa, hezkuntza edo kirola) eskuratzeko dituzten oztopoak; benetako nortasuna islatzen duten legezko agiriak lortzeko zailtasunak; berdintasunaren eta justiziaren aldeko borroka, eta abar.

Saria 1000 eurokoa izango da, eta irabazlea Zinegoak jaialdiaren 2025eko Itxiera Ekitaldian proiektatuko dute.

Informazio osagarria, hemen.