Garapen fasean dagoen ikus-entzunezko proiektu batean ari zara lanean? (H)EMEN Elkarteak euskal emakumezkoek gidatutako euskal ekoizpena duten proiektuen pitching saioa antolatuko du 72. Donostia Zinemaldiaren esparruan. 

(H)emen – Ikus-entzunezkoen eta Arte eszenikoetako emakumeen elkartea – 2016an sortu zen, eta, ordutik, sortzaile-komunitate zabal eta aktiboa batu du.  Bi sektore horietan eragitea du xede nagusia, emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko, lan-harremanak eta aukerak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko

Bada, bide horretan deialdi eta mentoretza saio desberdinak antolatzen dituzte urtean zehar, tartean, Pitching Korner deituriko salmenta-saioa. 2021. urtean du jatorria ekimenak; lehen aldiz, Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan, 4 proiektu hautatu ziren Zinemaldia akreditatutako industriako kideekin sinergia profesionalak sortzeko eta hauen ikusgarritasuna bultzatzeko.

Bada, egitasmoaren edizio berri bat antolatuko dute 72. Donostia Zinemaldiaren Industria ataleko agendaren abaroan.  Euskal emakumezkoek gidatutako euskal ekoizpena duten proiektuen pitching saio bat egingo dute, irailaren 23an, Tabakalerako Z Aretoan (Beheko solairua).

Hala, ekoizpen fasean dauden lanak galdegin dituzte, uztailaren 18a baino lehen. Jasotako proiektuen artean, (H)emen-ek izendatutako Komisio batek lau finalistak hautatuko ditu, eta hauek estatuko eta nazioarteko ekoizleen aurrean aurkeztuko dituzte euren proiektuak. Hautatutako lau proiektuetatik gutxienez bi euskaraz  izango direla jakinarazi du elkarteak. Proiektu finalistak uztailaren 29an jakinaraziko dira.

Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak

– Garapen fasean dauden euskal ekoizpeneko proiektuak (ekoizpenaren gehiengoa euskalduna izan behar da).

– Euskal Herriko edozein lurralde historikoko emakumezkoek Idatziak/Zuzenduak/Ekoitziak. Gutxienez bi emakumezkoak izan behar dira (Gidoigile/Zuzendari/Ekoizlea).

– Formatu eta genero guztiak onartuko dira: film luzeak, film laburrak, TB serieak, webserieak, fikzioa, dokumentala, animazioa…

– Proiektuak euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu daitezke.

– Finantzaketaren %20 zihurtatua izatea baloratuko da.

– Ezin dira aurkeztu (H)emen-ek egindako beste deialdiren batean parte hartu duten proiektuak.

Zalantzak argitu edota proiektuak aurkezteko formularioa eskuratzeko, idatzi hemen@hemen.eus helbidera.