Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiak topaketa antolatu du ostiral honetan, ekainaren 28an. Bertha Gaztelumendiren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa (2019) filma pantailaratuko da bertan.

1979ko ekainaren 3ko mugimendu antinuklearraren protesta egunean jazotakoak ditu hizpide Bertha Gaztelumendi zinemagilearen dokumentalak, Gladys del Estal 23 urteko gaztearen erretratutik abiatuta. Era berean, Euskal Herrian eraikitzear ziren Lemoizko, Ea-Ispasterreko eta Debako zentral nuklearren aurkako borrokaren zein 70eko eta 80ko hamarkadetan Europa osora hedatu zen erresistentzia prozesua ulertzen laguntzeko xedea du Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa lanak.

ZINEBI – Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian –Bertoko Begiradak sailean– estreinatu zuen Gaztelumendik proiektua, eta jaialdiz jaialdi erakutsi dute ostean. Besteak beste, Bilboko Film Sozialak Zinema Ikuskizunaren Nazioarteko Jaialdian, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian edota Durangoko Azokako Irudienea gunean egon da ikusgai. Hainbat zinema-areto komertzialetan eta baita Euskal Telebistan ere izan da ikusgai.

EiTBren laguntza duen 60 minutuko dokumentala 20:00etatik aurrera emango dute gaur Buenos Airesko (Argentina) Euskaltzaleak euskaltegiaren egoitzan (Bernardo de Irigoyen kaleko  826 zenbakian).

Gertakariaren nondik-norakoak

Mugimendu antinuklearrak aldarrikapen festa deitua zuen 1979ko ekainaren 3rako, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Jardunaldiaren barruan, Harrisburgeko (AEB) zentral nuklearrean izandako istripu larriaren ondoren. Gladys del Estalek, 1951tik martxan dagoen Bardeetako tiro-poligonoaren aurkako hitzorduan parte hartu zuen, Espainiako Gobernuak Soto de Vergaran (Arguedas eta Tutera artean) zentral nuklear bat eraikitzeko proiektua esku artean zuen garaian, eta Guardia Zibila bortizki sartu zen Prado pasealekuan, aurretik baimendutako ekitaldi baketsuaren kontra.

Hilik eraman zuten militante ekologista ospitalera, buruan emandako tiro baten ondorioz. Tiro egin zuen agenteari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri, heriotza eragin zuen zuhurgabekeria delitu batengatik.