Cima en corto. Distantzia motzak mostraren baitan, Hego Euskal Herriko zinemagileek zuzendutako sei film labur erakutsiko dituzte, larunbatean. 18:00etan hasiko dute saioa, eta Kristina Zorita kazetariak aurkeztuko du.

cima en corto 2024-zinea

CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkarteak Nafarroan duen ordezkaritzak eta (H)emen – Ikus-entzunezkoen eta Arte eszenikoetako emakumeen elkarteak antolatuta, larunbatean (ekainak 29) film laburren saioa hartuko du Gasteizko Artium Museoak. “Emakumeen gorputzak borroka-eremu bezala” erakutsiko dituzten sei lan pantailaratuko dituzte, ikuspegi ezberdinetatik aztertuta.

Emakume zinemagileen sorkuntza zinematografikoa zabaltzea, euren lana publiko orokorrari hurbiltzea eta ikus-entzunezkoei eta gizarte garaikideari buruzko eztabaida ikuspegi feministatik aberastea ditu helburu Cima en corto. Distantzia motzak mostrak. Hala, Hego Euskal Herriko zinemagileen arteko topagune izan nahi du egitasmoak sektoreko profesionalen arteko lankidetza sendotuz eta euren lana publiko orokorrari helaraziz.

Jarraian dituzue ikusgai egongo diren sei film laburrak:

  • Prioridades (Tamara Lucarini Cortés, 2023)
  • Chicas prepago (Isabel Saéz Pérez, 2022)
  • Tigre bat (Amaia San Sebastián, 2019)
  • Intercambio (Amaia Yoldi, 2019)
  • Agnés (Irati Elortondo García, 2022)
  • Txotxongiloa (Sonia Estévez, 2022)

18:00etan hasiko dute saioa, eta Kristina Zorita kazetari, zinemagile eta (H)emeneko lehendakarikideak aurkeztuko du saioa.