Aki Kaurismäkiren lehen lan argitaratu gabeez gain, 2023-2024 aldian arrakastatsuenak izan diren filmak berreskuratuko dituzte. Emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin izango dira. Sarrera bakoitzak 5,40 euro balio du.

Udako Golem ziikloa-zinea

Uda bete-betean gara, oraindik iritsi ez dela badirudi ere. Golem etxeak, baina, iragarri du datozen hilabeteetarako egitarau berezia, zinemazaleen gozamenerako prestatutako zikloa, eta eguraldia lagun izan edo ez, eskaintza zinez interesgarriak Bilboko Golem Alhondiga eta Iruñeko Golem Yamaguchi zinema aretoak betetzeko erronka dakar beregain.

Gurean inoiz estreinatu gabeko zortzi film luze erakutsiko dituzte batetik, Aki Kaurismäki zinemagile finlandiarraren lehenen artetik aukeratutakoak: Crime and Punishment (1983), Calamari Union (1985), Shadows in Paradise (1986), Hamlet Goes Business (1987), Ariel (1987), I Hired a Contract Killer (1990), Take Care of your Scarf, Tatiana (1994), eta Juha (1998). Bakoitzaren aurretik, film labur bana ikusi ahalko da ere, azken saioan izan ezik: Leningrad Cowboys: Thru the Wire (1983), Leningrad Cowboys: L.A. Woman (1987), Rocky VI (1986), Rich Little Bitch (1987), Leningrad Cowboys: Those Were the Days (1991), Leningrad Cowboys: These Boots (1992).

Horiekin batera, bi zinema aretoetan pantailaratuko dute ere abusuaren kulturari eta haren ondorioei buruzko Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1976) pelikula aitzindaria, 4Kn zaharberritu duten Yasujiro Ozu maisuaren Munekata kyodai (1950), Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard atalean Fipresci saria irabazi duen Los Colonos (Felipe Gálvez, 2023), ekoizpen galiziarra duen As Neves (Sonia Méndez, 2024) eta Xixongo Zinemaldian Gidoi Onenaren DAMA Sariarekin aitortu duten Un sol radiant (Mónica Cambra eta Arianda Fortuny, 2023) kataluniarra.

Aldiz, gainontzeko egitarauak bide ezberdinak hartuko ditu Bilbon eta Iruñean. Golem Alhondigan uztailaren 5etik abuztuaren 15era luzatuko da udako zikloa, eta aipatutakoez gain ikusgai izango dira Past Lives (Celine Song, 2023), How  To Have Sex (Molly Manning Walker, 2023), The Zone of Interest (Jonathan Glazer, 2023), La chimera (Alice Rohrwacher), Black Box (Asli Özge, 2023), Evil Does Not Exist (Ryûsuke Hamaguchi, 2023) eta Perfect Days (Wim Wenders, 2023),.

Bestetik, Golem Yamaguchin, uztailaren 15etik abuztuaren 31ra arte izango dute iruindarrek ondoko film sortaz ere disfrutatzeko aukera: Aisha (Frank Berry, 2022), Shayda (Noora Niasari, 2023), Àma Gloria (Marie Amachoukeli-Barsacq, 2023), Disco Boy (Giacomo Abbruzzese, 2023), Last Dance (Delphine Lehericey, 2022), Roter Himmel (Christian Petzold, 2023), Les Filles d’Olfa (Kaouther Ben Hania, 2023), Tótem (Lila Abilés, 2023), Samsara (Louis Patiño, 2023), La última noche de Sandra M. (Borja de la Vega, 2023) eta Mientras seas tú (Claudia Pinto, 2023).