Filmen proiekzioen eta ikus-entzunezko hezkuntza eta alfabetizazioko tailerren bidez zinemaz gozatzea eta ikusle gazteenen gaitasun kritikoa garatzea du proposamenak helburu.

Euroeskualdea Hiritartasuna 2024 proiektu deialdia-zinea

Euroeskualdeko Batzorde Betearazleak Euroeskualdeko Hiritartasuna 2024 deialdiaren esparruan diruz babestuko dituen proiektuen berri eman du. Mugaz gaindiko 20 lankidetza-proposamen izango dira onuradunak, eta guztira, 499.950 euro banatuko ditu horiek garatu daitezen.

Akitania Berriko, EAEko eta Nafarroako 47 hautagai aurkeztu dira deialdira, eta kultura, kirola, hezkuntza, gazteria, eleaniztasuna eta gizarte-erronka garaikideen arloen artean aukeratu behar izan dute. Kultura adarreko onuradunen artan (9 guztira), ETORKIZUNEKO IKUSLEAK proiektua finantzatuko du Euroeskualdeak, 27.570,33 euro bideratuz.

Filmen proiekzioen eta ikus-entzunezko hezkuntza eta alfabetizazioko tailerren bidez zinemaz gozatzea eta ikusle gazteenen gaitasun kritikoa garatzea du egitasmoak; Bilboko Begira Elkartea, Iruñeko Golem Yamaguchi zinema aretoa eta Baionako Cinéma L’Atalante zinema gela dira elkarlanean arituko diren eragileak.

Lankidetza sustatuz

Akitania Berriak, EAEk eta Nafarroak sustatutako programa da Euroeskualdeko Hiritartasuna deialdia, lurraldeko eragileen arteko elkar ezagutza hobetzeko, eleaniztasuna sustatzeko, kultura zabaltzeko, Euroeskualdeko gazteak inplikatzeko eta talde kalteberak barnebiltzeko xedea duena.

2015ean izan zuen lehenengo edizioa, eta ordutik, 176 ekimen babestu ditu, 3,7 milioi euroko aurrekontuarekin.