Parte hartzaileek dokumental faltsu bat onduko dute, hiru fasetan: idazketa (uztailak 15-19), filmaketa (irail-urria) eta muntaketa (urria). 13 eta 18 urte bitarteko herritarrek eman dezakete izena.
Ipar Euskal Herriko zinemaren alorreko eragileen arteko lotura indartu eta harrera zerbitzua eskaintzeko asmoz sortutako Zukugailua elkarteak eta Kanaldude Telebistak antolatuta, dokumental faltsu baten errealizazioan parte hartzeko aukera egongo da datozen hilabeteetan. Egitasmoa EKE Euskal Kultur Erakundearen partaidetzarekin jarri dute martxan.
‘Bidarrai 20240’ izenpean aurkeztu dute eragileek tailerra, eta zinemagintzan interesa duten gazteek eman dezakete izena. Hain zuzen ere, 13 eta 18 urte bitarteko herritarrei luzatu diete deialdia, eta horiek loic@kanaldude.eus korreo elektronikora mezua bidali beharko dute beren asmoen berri emanez.
Dokumental faltsuaren errealizazio tailerrak hiru fase izango ditu. Idazketari ekingo diote lehenik; uztailaren 15etik 19ra Bidarrain elkartuko dira parte hartzaileak, eta 14:00etatik 17:00ra bitartean izango dute istorioa pentsatzeko tartea.
Ostean, irailean eta urrian egingo dute filmaketa. Hiru larunbat erabiliko dituzte horretarako (oraindik zehaztu gabe dago noiz); azkenik, hartutako irudiak muntatzeari ekingo diote astebetez, urriko oporraldian.
Informazio osagarria jaso nahi izanez gero, idatzi loic@kanaldude.eus korreo elektronikora.