Donostiako hainbat parke edota berdegunetan egingo dituzte 2024ko emanaldiak. Lau saio izango ditu (bina euskaraz eta gaztelaniaz), eta denak ere, 22:30ean hasiko dira; antolatzaileek ohartarazi dute eguraldiagatik saioren bat bertan behera geratuko balitz, ez litzatekeela data berririk jarriko.

Cristina Eneakop Udako Aire zabaleko Zinemaldia 2024-zinea

“Adin guztietarako eta gustu askotariko ikusleen gozagarri” izango diren filmek osatuko dute aurten Cristina Enea Fundazioaren udako aire zabaleko zinemaldia. Ekainaren 28an ekingo diote, eta uztailaren 19ra bitartean, lau proposamen eskainiko dituzte, Donostiako zenbait gunetan: Egiako Cristina Enea parkean, Amarako Araba parkea, Altzako Arriaga parkean eta Bidebietako Salvador Allende parkean.

 Cristina Enea Fundazioko zuzendari José Mª Hernándezek adierazi duenez, “bidaiek eta bideek gizakiengan eragiten dituzten aldaketak, hausnarketak eta bizipen askotarikoak, bai filosofikoak, bai fisikoak” izango dira zinemaldiaren 11. edizio honetako heldulekuak. Saio guztiak 22:30ean hasiko dira, eta antolatzaileek ohartarazi dute eguraldiagatik saioren bat bertan behera geratuz gero, ez litzatekeela data berririk jarriko.

Ostiral honetan bertan pantailaratuko dute lehenengo filma, Egiako Cristina Enea parkean. Federico Fellini maisu italiarrak zuzendutako La Strada (1954) harribitxia ikusi ahalko da, gaztelaniaz bikoiztuta: Alarguntzen denean, Zampano izeneko artista ibiltariak bere emaztearen ahizpa Gelsomina erosten du, haren amak erresistentziarik txikiena ere jarri gabe. Zampanoren izaera bortitza eta oldarkorra gorabehera, bizimodu nomadak erakartzen du neska, beti kalean (“strada”, italieraz), batez ere jabeak ikuskizunean sartzen duenean. Bere joan-etorrian ezagutzen dituen hainbat pertsonaia bitxik haiekin bat egitea proposatzen badiote ere, Gelsominak Zampanori leial jarraituko dio azken ondorioetaraino.

Bigarren saioa Amarako Araba parkean egingo dute, uztailaren 5ean. Urrezko Hartza eta Animaziozko film onenaren Oscar saria irabazi zituen Cihiroren bidaia (Hayao Miyazaki, 2001) klasikoa berrikusteko aukera egongo da, euskaraz: Izaki magikoz beterik dagoen hiri misteriotsu batean sartuko dira protagonistak, eta ezingo dute atera. Hiriko jabe den sorgin maltzurrak txerri bihurtuko ditu gurasoak eta Chihirok, 10 urteko neskatoak, hauek askatu eta beraien bizitza berreskuratzeko borrokatu beharko du. Zorionez, hain da bihotz onekoa Chihiro, Haku laguna eta aurpegirik gabeko espiritua bere alde izango dituela.

Uztailaren 12an, aldiz, Altzako Arriaga parkean gaztelaniaz proiektatuko dute A Walk in the Woods (Ken Kwapis, 2015) road movie estatubatuarra: Ingalaterran bi hamarkada eman ondoren, Bill Bryson Estatu Batuetara itzuliko da bere bizitzako abentura handiari ekiteko: Apalacheak zeharkatzea, kontinenteko paisaia ederrenetako batzuk bisitatuz. Bidaia honetan lagun zahar baten konpainia izango du, bera baita berarekin joateko prest dagoen zoro bakarra. Kontua da “abenturak” hitzaren esanahiaz bakoitzak oso bestelako ideia duela. Filma Bryson bidaia-liburuen idazle ezagunak idatzitako memorien egokitzapen bat da.

Azkenik, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 (2023) dokumentalarekin agurtuko dute aurtengo zikloa, Bidebietako Slavador Allende parkean: 2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta. Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.

Auzo bizitza aldarrikatuz

Cristina Enea Fundazioko zuzendari Mª Hernándezek adierazi duenez, “aire zabaleko zinema ziklo hau klasiko bat bihurtu da jada Donostian, 2012an Cristina Enea Fundazioak lehenengo edizioa antolatu zuenetik; aurtengoa 11. edizioa izango da, eta horrek erakusten du herritarrek harrera ona egin diotela ekimenari”.

Pandemia garaian eskaintza bertan behera utzi ostean, azken bi urteetan bezala,  hiri osora zabalduko dute oraingoan ere egitaraua: “Egia, Amara, Bidebieta eta Altzako auzoetako bizilagunek izango dute proiekzio hauetaz gozatzeko aukera”. Hala ere, herritar guztiei luzatu die zikloaz gozatzeko gonbidapena, eta nabarmendu du kokaleku horiek aukeratzeak “auzoak eta bertako bizitza aldarrikatzeko beharrizanari” erantzuten diola.