Clarisa Navas zuzendari argentinarrak jaso du bart Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 2024ko Ohorezko Saria. BilbaoArten aurkeztuko du gaur, 18:30etik aurrera, Las mil y una pelikula.
Sorkuntza kolektiboko prozesuak bultzatzen dituelako, “eraldaketarako motor eta palanka gisa”, goratu du jaialdi bilbotarrak Navasen jarduna: “Orainaldiko eta etorkizuneko erreferentzia bat da”, azaldu du Alaitz Arenaza mostraren zuzendariak, “Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak bizitzeko aukera ematen diguna, nahiz eta gogorrak eta bortitzak izaten jarraitu, baina izateko eta egoteko beste modu batzuk erakusten dizkiguna”. Bada, bere lan artistikoa eskertu eta honen bidez islatzen duen konpromiso politiko eta soziala aitortu dizkio ZINEGOAKek Ohorezko Sariaren bidez.
Sortzaile polifazetikoa, Ikus-entzunezko Arteetan lizentziaduna da Arteen Unibertsitate Nazionalean (UNA, Buenos Aires, Argentina). Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionalean (ENERC) irakaslea, proiektuak garatzeko ABC BAFICI saila zuzentzen du, eta 2010az geroztik Argentinako Ipar-ekialdean eta Paraguain zinema egiteko beste modu batzuk asmatzen dituen Yaguá Pirú Cine kolektiboko kidea da.
2011. urtean, zuzendu zuen bere lehen film luze dokumentala, Retratos de otro país, Argentinako toki ezezagunenak atera zituenak argitara: komunitate indigenak, landa-herriak eta gizarte-inguruneak, sistema instituzionaletatik kanpo antolatzen direnak eta zinemari buruz duen ikuspegi politikoa eta berak inprimatu nahi dion zentzua zalantzan jartzera bultzatzen dutenak. Era berean, Navasen fikziozko bi film luzeak, Hoy partido a las 3eta Las mil y una, emakumeei, giza harremanei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta konbentzioetatik at geratzen diren bizipenak garatzeko borrokari idatzitako kantuak dira.
Oro har, elementu nagusi bi nabarmentzen dira bere lan guztietan: jendearekiko pasioa (batez ere emakumeekikoa) eta mugekiko lotura, identitateak diluitzen dituen espazio gisa. Zentzu horretan, Los Guarangos (2012) dokumentala, Mujeres entre fronteras (2015) dokumental saila, edo Rio atrevido (2016) fikziozko saila nabarmentzen dira bere obran.
Zuzendaria eskertuta eta hunkituta agertu zen prentsaurrean: “Uste dut horrelako aitortza batek balio duela hain bakarrik ez gaudela sentiarazteko. Asko hunkitu ninduen albistea iritsi zenean, Argentinan dena oso zail baitago, eta batzuetan badirudi ezerk ez duela zentzurik. Etorkizuna oso hondatuta dago, baina elkartuz gero, zerbait gerta liteke. Bihotzez eskertzen dizuet, besarkada luze bat bezala sentitu dut”.
Hain zuzen ere, jatorri duen herrialdean bizitzen ari diren egoera zaila ere ekarri du gogora sari-banaketa ekitaldian: “Sari hau oso une berezian heldu da, Argentinan une zailegiak bizitzen ari garelako ultraeskuina gobernuan dagoenetik: pertsonen bizi-baldintzak amildu egin dira, eta desberdin pentsatzen dugunon aurkako jazarpena dago. Herrialdean, oinarrizko eskubideei entzungor egiteko eta memoria ezabatzeko ahalegina ere badago, hain zuzen, memoria hori eraikitzeko hainbeste egin duen nazioan. Protesta egitera atera beharrean bizi gara eta, horren aurrean, Gobernuaren erantzuna errepresioa eta indarkeria baino ez da”.
Abusu testuinguru horretan, zinema egitearen garrantzia azpimarratu du, bizitzaren alde. “Nola jarraitu zinema egiten, nola jarraitu sinesten dugun zinema egiten, gizartearen zati handi bat goseak badago. Baina, era berean, uste dut bizitzen ari garen katastrofe sozial horri aurre egin eta beste etorkizun mota bat irudikatu behar. Queer pertsonok asko dakigu horretaz: gauzak aldatzeko desiorik eta borrokarik gabe ez genukeela existitzeko eskubiderik ere izango. Hain zuzen ere, lurralde existentzial horiek zabaltzeko egin behar dugu lan; bizitza ezin da mugatu merkatu balio izatera, proposatu nahi diguten desirudimen honetara”.
“Bada esaldi bat eragin handia izan zuena nigan zinema egiten hasi nintzen garaian”, gaineratu du, “Raimundo Blazer diktadurak desagertutako argentinar zinemagilearena da, eta honako hau dio: Guk ez ditugu hiltzeko filmak egiten, zinema egiten dugu bizitzeko, hobeto bizitzeko. Eta horretan bizitza joaten bazaigu, beste batzuk etorriko dira aurrera’ Eta horretan dihardugu. Errekonozimendu hau ez da nirea bakarrik, baizik eta sormenean lagun dudan taldearena ere, eta baita irudimenean eta egungo ezinezko guztien aurka egitean sinesten duten pertsona askorentzat”.
Borroka, noski, sormenetik ere bai, eta errekonozimenduari eskertza. Jaialdiarentzako esker hitzak ere izan dira: “Horrelako ilusio bati eusteak bizitzari aurre egiten laguntzen du, hau zaila bilakatzen ari den uneotan”