Jaione Martínez Saez de Maturana, Ane Garai Arrieta eta Maialen Oleaga Nuñok zuzendutako lana aho batez aitortu du epaimahaiak. Ikus-entzuleen saria ere eskuratu du. Film luze onena Omar and Cedric: If This Ever Gets Weird (Nicolas Jack Davies) izan da.

Punkaren beste aldea-dock of the bay-zinea

Larunbatean agurtu dute hamazazpigarrenez antolatutako Dock Of the Bay zinemaldia. Donostiako Antzoki Zaharrean gauzatutako sari-banaketa ekitaldian 2024ko lan irabazleen berri eman dute sail ofizialeko epaimahaikideek, eta ostean, Le Bukowski tabernan elkartu dira zinemazaleak, jai giroan. Hamahiru film luze eta zazpi labur proiektatu dituzte guztira ekainaren 17az geroztik -mundu mailako hiru estreinaldi, Euskal Herri mailako lau eta nazioarteko bat-; zortzi emakumezko zinemagileenak izan dira.

Film laburren atalaren kasuan, Virginia Garcia del Pino zuzendaria eta ikus-entzunezko artistak, Jorge Tur Monto zinemagilea eta Antonio Arias musikariak ebatzi dute sariduna. Aho batez erabaki dute film labur onenaren errekonozimendua Punkaren beste aldea-ri ematea. Ikus-entzuleen film gogokoena ere izan da. Jesusi Etxeberriak, 80 urteko emakume arrasatearrak herriko musika eszenari egin dion ekarpena balioan jartzeko bulkadari jarraituta sortu dute Perlata taldeko kideek filma. Jarrera eta pasioa daramatza izaeran Jesusik eta hori jaso dute hauek eta beste ikasle askok berarengandik. Omenaldi bat egingo diote eta sorkuntza honek abesti berezi bat izango du bere baitan.

Bada, Jaione Martínez Saez de Maturana, Ane Garai Arrieta eta Maialen Oleaga Nuño zuzendarien “begirada arretatsua eta entzuteko gaitasuna” nabarmendu dute epaimahaikideek: “Lehen planoan jarri gabe, umiltasun ariketa batean, ikuslearengan arrasto bat uzten duen istorio bat kontatzea lortzen dute. Eta, adi, hori guztia ahalik eta ondoen eginbaitute: estetika zinematografikoa espresiboki erabiliz, bai ikusizko arloari dagokionez, bai entzunezkoari zein muntaiari erreparatuz. Azken batean, sari hau ez diogu umorezko film bati ematen, maitasunezko film bati baizik, erabateko maitasunari”.

Bestetik, Mariona Borrull zinema-kritikariak, Josetxo Cerdán katedradunak eta Gorka Urbizu musikariak izan dute film luzeak baloratzeko ardura. 17. edizioko musika dokumental onena Omar and Cedric: If This Ever Gets Weird (Nicolas Jack Davies) aukeratu dute, “harcorearen eta punkaren kanonaren alternatiba bat erakusten duelako eta egiten dugunari nor garen gehitzen diolako”. Aldiz, aipamen bereziarekin bereizi dute Fernanda y Bernanda (Rocío Martin): “Bestelako ikuspegi batetik flamenkoaren historia ulertzen lagundu duten bi emakume ikusgarri egiten dituelako”. Ikus-entzuleek, beren aldetik, Teaches of Peaches (Philipp Fussengger eta Judy Landkammer) nabarmendu dute.