Programa uztailaren 6an hasiko da, eta abuztuaren 31ra bitartean zazpi film pantailaratuko dituzte. Saioak larunbatetan izango dira, 19:00etan hasita.
Bilboko Institut Françaisarekin batera antolatuta, Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak Céline Sciamma zinemagile eta gidoilari frantziarrari eskainiko dio 2024ko udako zinema zikloa. Orain arte zuzendu dituen film luze guztiak proiektatuko dituzte, eta horiekin batera ikusgai izango dira ere berak besteentzako idatzitako beste bi lan.
29 urte besterik ez zituela, bere opera primarekin Cannesko Zinema Jaialdian lehiatu zen Sciamma. Igeriketa sinkronizatuta abiapuntu duen Water Lilies / Naissance des pieuvres (2007) lanean kirol diziplina horren aurpegi ezkutua erakutsi zuen. Ostean etorri ziren Berlinale jaialdiko Teddy saria eta Torontoko zinema jaialdiko ikusleen errekonozimendua eskuratu zituen Tomboy (2011) eta Parisko aldirietan bizi den nesken banda batean sartuko gaituen Girlhood / Bande de filles (2014).
KRITIKA | BANDE DE FILLES (Céline Sciamma, 2014)
Nazioarteko arrakasta bere laugarren film luzearekin iritsi zitzaion, Portrait de la jeune fille en feu (Celine Sciamma, 2019) lanarekin. Cannesko sail ofizialean saritu zuten, gidoi onenaren aitortza eskuratuz, eta bere azken filmak, Petite maman (2021) Berlingo Zinema Jaialdian aurkeztu ostean nazioarteko sariketa-ekitaldietan hautagaitzak lortu zituen.
KRITIKA | PETITE MAMAN: Gurasoak ere ume izan ziren noizbait
Bada, horiek denak pantailaratuko dituzte Tabakalerako zinema aretoen, eta azken bi saioak gidoigile gisa parte hartu duen ekoizpenei eskainia izango da. Claude Barrasen Ma vie de Courgette idatzi zuen 2016an, eta Jacques Audiardek zuzendutako Les Olympiades, Paris 13e, 2021ean.
Jarraian duzue egitaraua:
- Uztailaren 6an: Naissance des pieuvres (Céline Sciamma, 2007)
- Uztailaren 13an: Tomboy (Céline Sciamma, 2011)
- Uztailaren 20an: Bande de filles (Céline Sciamma, 2014)
- Uztailaren 27an: Portrait de la jeune fille en feu (Céline Sciamma, 2019)
- Abuztuaren 3an: Petite maman (Céline Sciamma, 2021)
- Abuztuaren 24an: Ma vie de Courgette (Claude Barras, 2016)
- Abuztuaren 31n: Les Olympiades, Paris 13e (Jacques Audiard, 2021)
Zikloari buruzko informazio osagarria, hemen.