Astero egin ohi duen bezala, eduki berriak gehituko ditu EITBren PRIMERAN plataformak bere katalogora. Unzué. Juancarren azken taldea (2023) dokumentala da gaurko berritasuna.

Ekainaren 21ean, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Munduko Egunean, Unzué. Juancarren azken taldea (2023) lana jarriko du ikusgai Euskal Telebistaren PRIMERAN plataformak. Juan Carlos Unzué futbolari eta entrenatzaile ohiaren egunerokotasunaren erretratua da, bi urte eta erdiz, 2020ko ekainean AEA gaixotasunaren diagnostikoa jakitera eman zuenetik, errodatzen aritu osteko emaitza.

Protagonistak berak azaldutakoaren arabera, bi arrazoik bultzatuta ekin zion proiektuari: batetik, AEA ikusaraztea eta, bestetik, ekitaldi handi bat antolatzea ikerketarako ahalik eta diru gehien biltzeko. Hain zuzen ere, lanak FC Bartzelonako eta Manchester Cityko agintariekin egindako bileren eta elkarrizketen jarraipena egiten du, gerora Camp Nou estadioan jokatu zen futbol partida antolatzeko bidean. Erakustaldi horren bidez martxan jarritako diru-bilketak markak hautsi zituen.

Era berean, bere alderdi intimoena ere partekatu du, bere gaixotasunaren argilunak maihaigaineratzeko. Xavier Torresek, Santi Padrok eta Jesús Muñozek zuzenduriko lana da honakoa, eta Malagako Zinemaldian izan zuen estreinaldia.

Eduki berriak, astero

PRIMERAN euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handiena da, doakoa. Denetariko eskaintza du, baita eduki esklusiboak ere; eta astero dakartza titulu berriak.

Horietako bat  da Udalatx. Ura eta atxa (2023), gaurko egunarekin gehituko dutena ere. Udalatx bizidunen bizitoki izan da antzinatik. Harriek, mineralek, altzairuak eta burdinak estali dute Udalatx, barrutik zein kanpotik. Mendetan zehar ustiatu dira hark eskainitako baliabideak. Betierekoa iruditu arren, ordea, iragankorra da eta Udalatx ere agortuz doa. Eñaut Iturbe Anduagak eta Iban Ayesa Azkoagak zuzendu dute.