Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdiaren bigarren edizioaren baitan egongo da Arantza Santestebanen lana ikusgai. Cinéma Le Royal 1 aretoan izango da emanaldia, 18:00etan hasita.
Zinemagile gazteen istorioak, esperantzak eta horien indarra ezagutzeko asmoz antolatutako Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdian 918 GAU (2021) filma pantailaratuko dute gaur. Ekainaren 18an abiatu zuten zinemaldiaren bigarren edizioa, eta egitarauaren baitan, bost zinema eskolako ikasleek film bana aukeratzeko ardura izan dute. Elías Querejeta Zine Eskolako kideek Arantza Santestebanek zuzendutako lana proposatu dute, eta Royal 1 aretoan egongo da ikusgai, beraiek propio aurkeztuta. Saioari 18:00etan ekingo diote, eta emanaldiaren ostean zinemagileak solasaldian parte hartuko du.
Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu Santestebanek 918 gau filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruki Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta 2022ko irailaren 30ean izan zuen estreinaldi komertziala, Begin Again Films banatzailearen eskutik.
Gaur | Hoy#918GAU
📅 Ekainak 21 de junio
🕕 18:00
📍 Biarritz Film Festival
🎟️ Sarrerak / Entradas: https://t.co/LprxmbSlVM@beginagainfilms https://t.co/XYtnEH0GiH— Txintxua Films (@txintxuafilms) June 21, 2024
Donostia Zinemaldiaren baitako Ikusmira Berriak programaren laugarren edizioan parte hartu zuen Santestebanek aurrenekoz proiektuarekin, eta 2020an, jaialdi donostiarreko WIP Europa programan hautatu zuten. Urte berean, MAFIZ saria irabazi zuen Abycine zinema indepentearen Albaceteko jaialdian. Ordutik, arrakastaz betetako ibilbidea izan du nazioarteko zinema jaialdietan.
DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaziz eman zion hasiera zinemaldien zirkuituari, eta Portugalen hasitako bideak jarraipena izan du, 39. Torino Film Festivalean -TFFDOC Internazionale saileko film onena-, Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian –Latexos saria eskuratuta itzuli zen bertatik- edota Iruñeko 16. Punto de Vistan. Azken honetan, publikoaren saria zein epaimahaiaren aipamen berezia irabazi zituen. Horrez gain, Donostiako Zinemaldian, Uruguain, Alemanian eta Errumanian ere lehiatu da filma.