José Ángel Herrero-Velarde beken lehenengo deialdiko azterlanak aurkezteko saioa egingo da ekainaren 22an, Tabakaleran. 17:00etatik aurrera, Irati Crespo Artxiboko koordinatzaileak gidatuta, Felipe Cabrerizok, Neus Sabatések eta Endika Reyk hartuko dute hitza, beren ikerketaren nondik norakoak eta emaitzak azaltzeko.

Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatuta, 2023an iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak José Angel Herrero-Velarde beken lehen edizioa. Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerkuntza-proiektutik abiatutako ondare historikoa Artxiboa webgunean jarri izanaren ondorioa da ekimena, eta beronen ikerketa sustatzeko helburua dauka. Hain zuzen ere, Donostia Zinemaldiaren memoria materialean oinarritzen diren artikulu akademiko argitaratuko dituzte beken onuradunek, hala, jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko elkarrizketa ere bermatzen dute.

Felipe Cabrerizo, Endika Rey eta Neus Sabatéren proposamenak izan ziren lehen aldi hartan bi erakundeotako profesionalek osatuko batzordeak hobetsitakoak, gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak zirelako, maila teorikoan Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten zutelako eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabiltzeko xedea zutelako.

Honako ikerketa gaiak hautatu zituzten:

– Felipe CabrerizoUna ventana abierta al este (Leiho bat ekialdera). Eremu sozialistako herrialdeetako zinemaren sarrera Espainian, frankismoaren garaian (1953-1977). Administrazio frankistaren oztopoak gainditzea lortu eta Zinemaldian proiektatu zen Ekialdeko herrialdeetako ekoizpen zinematografikoa erregistratzea, aztertzea eta berreraikitzea proposatu zuen.

– Endika Rey: San Sebastián y el canon (Donostia eta kanona). Zinegile berriak Zinemaldian. Donostia Zinemaldiaren erradiografia historikoa, zinemagile berrien film luzeekin izan duen harremanean oinarrituta. Kartografia hori kanon zinematografiko bat sortzearekin lotutako ekintza-patroiak identifikatuz gauzatu du.

– Neus Sabaté: De la escuela de cine al festival (Zinema-eskolatik Zinemaldira). Donostia Zinemaldia, Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolome Madrilgo Zinema Eskolako lehen hiru emakume diplomatuen elkargune. 1978ko Donostia Zinemaldian Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé zinemagileak berriz elkartu zirenekoa jorratu du. Hiru zuzendari aitzindari horiek jatorrian eta garai bertsuan Zinema Eskola Ofizialaren esparruan jardun ziren; diktaduraren osteko Donostia Zinemaldian emandako emakumezko espainiar zuzendarien lehen lanen egileak izan ziren.

Emaitzen aurkezpena, Tabakaleran

Bada, urtebeteren bueltan, beren ikerketaren nondik norakoak eta emaitzak publikoarekin partekatzeko unea heldu da. Ekainaren 22an, larunbata, 17:00etatik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, EQZEk eta Zinemaldiak batera antolatutako jardunaldi publiko bat egingo da Tabakalerako zinema-aretoan. Irati Crespok, Artxiboaren koordinatzaileak, Felipe Cabrerizo, Neus Sabaté eta Endika Reyren hitzaldiak ekarriko ditu. Beren aurkezpenetan, orain arte argitaratu gabe zegoen Zinemaldiko artxiboko dokumentazioa erabiliko dute ikerlariek.

Ekitaldiak sarrera librea izango du, baina aldez aurretik eskatu beharreko gonbidapen bidezkoa. Webgunearen bidez edo Tabakalerako informazio gunean egin daiteke eskaria. Ostean, 19:00etan, Cabrerizok berak Sergei Eisensteinen Potemkin korazatua (1925) aurkeztuko du; film sobietarra ikusteko aukera ere egongo da.

Goizean, artxiboko instalazioak lehen aldiz irekiko dituzte publiko orokorrarentzat. Gipuzkoako lurralde historikoan bizi direnei zuzendutako esperientzia izango da, eta aurreikusita dago etorkizunean ere berriz egitea. Plaza mugatuak daude; hori dela eta, aurretiaz eman behar dute izena bisitaldian parte hartzeko interesa dutenek.